Bizi! mugimendu altermundialistako 35 kidek protesta umoretsua egin zuten joan den larunbatean, Baionako Ferrari saltoki aurrean. Iaz auto marka horrek inoizko emaitza onenak lortu zituela-eta, krisia eta murrizketak baliatuz gutxiengo bat gero eta gehiago ari dela aberasten salatu zuten.
"Krisia? Zein krisi?" lemadun kartelarekin, "neurrigabekeriaren eta harrokeriazko kontsumoaren" kontrako protesta egin zuten mugimenduko kideek, aberaskiloen rola antzeztuz.
Ferrariren autoak 183.000 eta 320.000 euroren artean saltzen dira eta iaz %4,5eko onurak izan zituzten salmentetan. Eredu horrek planetaren oreka klimatiko eta ekologikoa arriskuan jartzen duela nabarmendu zuten ekintzaileek.
Gehienezko soldata baimendua aldarri
Gehienezko soldata baimendua ezartzearen alde maiatzaren 1ean Baionan egingo den manifestaziora ere deitu zuten. "Mugarik ez izaite hau ez da gure planetaren ahalekin bateragarria, baliabideen eta satsuduren xurgatzeko ahalen ikuspuntutik", adierazi zuen Séverine Duchên manifestarien bozeramaileak.
Neurrigabekeriaren "lasterketa buru-hiltzaile honi 'aski da!'" esatera gonbidatu zituen herritarrak Adrien Kempf Bizi!-ko kideak.
Aberastasuna gutxi batzuen eskuetan kontzentratzen dela gogorarazi zuten manifestariek, ultra-aberatsak sortuz: 25 urtetan, 125etik 1.226ra igaro da miliardunen (mila milioi baino gehiago duten pertsonen) kopurua. Horien artean, 4.600 miliar dolar metatzen dituzte.