argia.eus
INPRIMATU
Murrizketei eta LOMCEri aurre egin, ikastetxea abiapuntu
  • Ezin gara egon ardi otzanak bezala Eusko Jaurlaritzak egin lezakeenaren zain. EAEko administrazioaren “guk konponduko dugu” leloa desmobilizatzailea da.

Edu Zabala Garagartza 2014ko martxoaren 18a
(Irudia: Joseba Larratxe)

Hezkuntzan Geu Eragile ekimenak, 2011 urtearen bukaeran ekin zion bere bideari hiru sindikatu abertzaleek “murrizketarik ez” leloaren inguruan eskatutako sinadura bilketa zela eta. Murrizketen kontzeptua Espainiako Gobernu neoliberalak sistema publiko guztiari eta oinarrizko eskubide sozialei egin nahi dien erasoaren barnean kokatzen dugu eta Hezkuntza, nola ez, horren barruan dago. Bozketa arrakastatsuaren ondoren ikusi genuen dinamika sindikalak ez gintuela erabat asetzen, zeren beraien erritmoari itxoiteak, hots, hurrengo ekimenaren zain egoteak, berriro desaktibatzen zituen egindako lana eta ikastetxe barruan lortutako sinergiak; horregatik pentsatu genuen talde bat sortzea Irungo Txingudi BHI Ikastolan eta hilabetean behin biltzen hasi ginen kezkatzen gintuzten gaiak aztertu nahian, prozesua beste inoren  eskuetan utzi gabe. Guk geuk eragile izan nahi dugu.

Gure filosofia sinplea da: ikastetxea dugu abiapuntu eta bertako eragileak dinamizatzea helburu; zeren inguruan? Aipatu murrizketen eta LOMCEren kontra eta Hezkuntza euskaldun, publiko, herritar eta laiko baten alde. Aldarrikapen orokor horiek, ordea, ikastetxeko ondorio zehatzetara ekartzen saiatzen gara, horrela eragileek, hurbiltasunetik, gauzak aldatzeko abagunea ikus dezaten. Lokaletik globalera egin nahi dugu bidea.

Krisi-iruzurrarekin batera hainbat mailatako erantzun sozialak han-hemenka gauzatzen ari dira alderdi politikoen eta beraien aparatoen gainetik, gehienek sinesgarritasuna galdu baitute gizartearen aurrean eraso neoliberalari aurre egiteko orduan. Horrek dinamika aberatsak bultzatu ditu, aldarrikapen zein antolakuntza mailan. Gu ere, eta Euskal Herrian zorionez bizirik mantentzen den dinamika sozialari jarraituz, modu horretan hasi ginen antolatzen geure burua. Dinamika soziala, herritarra, horizontala da gure antolakuntza eredua.

Hasiera-hasieratik saiatu gara gurasoekin, ikasleekin eta ikastetxeko langile ororekin gure helburuak partekatzen, tokian tokiko gorabeherekin; baina zerbait garbi badaukagu zera da, denok batera jo behar dugula inposaketa guzti horien kontra, ikastetxeko eragileak zein ikastetxetik kanpokoak, hots, hezkuntza-elkarteak eta sindikatuak. Inor ez dago sobran.

Komunikazio arloan sare sozialak ditugu, aurrez aurreko bilerez gain, mezuak eta proposamenak zabaltzeko tresna, nahiz eta jakitun garen  mugak dituztela. Ezin gara ziberbirtualismo aldarrikatzaile batean erori, azken batean hori da sistemak berak prestatu digun tranpa bat gure burua eroso sentiarazteko, ustez zerbait egiten ari garela etxeko besaulkitik. Hala ere ezinbesteko tresnak ditugu Facebook, Twitter eta gure bloga.

Ikastetxez ikastetxe, txikitik handira, aurrez aurre; hori da gure komunikazio eredua, sare sozialekin batera.

Ekimenen arloan iaz urte emankorra izan genuen eta egindakoaren sorta duzue segidan: Kamiseta beltzak jantzita, astean behin, “egun beltza” eta karteladak egin ditugu hainbat ikastetxetan. Data esanguratsuetan ere kamiseta janzten dugu. Horren segidan “LOMCEri ez” sinadura bilketa bultzatu dugu klaustroetan, organu gorenetan eta guraso elkarteetan, 10.000 sinadurara iristeraino.  Sinadura horiek guztiak gizarteratzeko, 2013ko apirilaren 20an, kalejira bat antolatu genuen Donostian. Ikastetxeak mugitu ondoren, haien artean elkartu eta herri mailan bat eginez “LOMCEri ez!” mozioa aurkeztu genuen hainbat udaletan. Beste batzuekin batera, horiek izan ziren ekimen arrakastatsuenak. Kostu apaleko ekintza egingarriak, ikusgarriak egitea da gure ekiteko moldea.

Borroka bide horretan bat egin genuen ikasturte bukaeran filosofia beretsuko beste hainbat talderekin eta hori guztia bateratzeko prozedurari ekin genion ekainean egindako bilera zabal batean; ondorengo taldeak elkartu ginen: Santurtzi Irakaskuntza, Barakaldoko Hezkuntza Bilgunea, Denon Hezkuntza eta Hezkuntzan Geu Eragile. Nafarroako beste bi talde, Sarriguren Hezkuntza Kalitatea, eta Lantalanauzolan gonbidatu genituen baita ere baina ezin izan zutenez etorri, harremanetan jarraitzen dugu. Aipatu taldeekin, Hezkuntza Topagunea koordinadora sortu dugu, bidea batera egiteko asmoz.

Auzolan berri horren lehen emaitza da aurten sortu dugun “muGIda” liburuxka, hasi berriak diren taldeei pistak emateko; mugitzeko gida hori bakoitzak bere ikastetxean aipaturiko aldarrikapenak eta antolakuntza martxan jartzeko tresna izatea nahi dugu. Horrekin batera aurtengo helburu batzuk finkatu ditugu, aipagarrienak ondorengo bi hauek dira: aurrena eskualdeko antolakuntza indartzea eta hori burutu ondoren “LOMCErik gabeko herria” mozioa eramatea udaletara, uste baitugu lege atzerakoi horren inposaketa gauzatu aurretik antolatu eta mugitu beharra daukagula; ez mugitzea Jaurlaritzaren jokoan erortzea litzateke, erran nahi baita ezin garela egon ardi otzanak bezala Jaurlaritzak egin lezakeenaren zain. Jaurlaritzaren “guk konponduko dugu” lelo desmobilizatzaileari jaramonik ez!

Guretzat erreferente, aldarri garrantzitsua izan da Balear Uharteetako asanbladak aurtengo ikasturte hasieran martxan jarri duen TIL hizkuntza eleanitzaren ezarpenaren aurkako mobilizazio, greba dinamika. Gizarte sostengu oso zabala izan du eta dinamika partehartzaile eraginkorrak plazaratu ditu, hala nola,  erresistentzia kutxa, desobedientzia zibila (Menorkako hiru zuzendari zigortu dituzte beraien ikastetxeetan ez aplikatzeagatik delako sasi eleaniztasun proiektua) eta artisten babesa, bai ekonomiko zein soziala. Hizkuntza, kultura eta hezkuntza defendatu herri mugimendu gisa. LOMCEren eta murrizketen kontra eta Geure Hezkuntzaren alde.

2013ko Urtekarian argitaratutako artikulua.