argia.eus
INPRIMATU
Murrizketak salatu eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskatzeko greba egingo da gaur
  • ELA, LAB eta EILAS sindikatuek zerbitzu publikoko 100.000 langile grebara deitu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Sindikatuek gaurko antolatutako protestak, murrizketak salatu eta kalitatezko zerbitzu publiko bat eskatzea du helburu. ESK sindikatuak ere greba deialdia babestu du.

2012ko otsailaren 09a
EILAS, ELA eta LAB sindikatuko ordezkarien prentsaurrekoa

Zerbitzu publikoko sektore bakoitzean ordutegi ezberdina izango du lanuzteak, baina manifestazioa ordu berean burutuko da hiru herrialdeetako hiriburuetan. Bilbon, Arriaga plazatik, Donostian Bulebarretik eta Gasteizen Andra Mari Zuriaren Plazatik 12:30ean abiatuko dira greba eguneko mobilizazioak.

Ordutegiari dagokionez, Espainiaren menpeko administrazioan 11:00etatik 15:00etara egingo dute lanuztea, eta udal eta foru aldundietan 11:00etatik 19:00etara. Osakidetzan, lanuztea 11:00etatik 19:00etara deitu dute sindikatuek eta ospitaletan jai egunetako lantaldea arituko da lanean, Jaurlaritzak eskatuta. Hezkuntzan, Euskal Herriko Unibertsitateari, Eskola publikoari, Haurreskola partzuergoari eta Musikeneri eragingo dion lanuztea, 11:00etatik 18:00etara izango da.

Ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta EAk bat egin dute deialdiarekin. Hori dela eta, alderdi horietako hautetsiek greba egingo dute. Horrez gain, datorren larunbatean, Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketak salatu eta beste eredu ekonomiko baten alde egiteko manifestazioak antolatu dituzte Euskal Herriko lau hiriburutan.