argia.eus
INPRIMATU
Murrizketak ospitaletako ohe, kontsulta, proba eta ebakuntzetan, Hego Euskal Herrian
  • Pandemiak itxaron zerrendak izugarri handitu dituen garaiotan, horri aurre egiteko udako hilabeteak aprobetxatu ordez murrizketak egingo direla salatu du SATSE erizainen sindikatuak. 763 ohe gutxiago izango dituzte Hego Euskal Herriko ospitaleetan, eta kontsulta, proba eta ebakuntzen kopurua ere txikitu egingo da. “Dirua aurreztea lehenetsi dute”.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 06a

Espainiako Estatuko datuak eman ditu SATSEk, tartean EAEkoak (675 ohe gutxiago izango dira urria bitarte) eta Nafarroakoak (93 ohe gutxiago).

Udan ohikoa da zerbitzuak murriztea, baina pandemiak izan dituen ondorioak kontuan harturik, ebakuntza bat egin ahal izateko edo proba diagnostikoak egiteko izugarri handitu diren itxaron zerrendei aurre egin beharko litzaieke hilabeteotan, zerbitzu gutxiago eskaini ordez. Hala iritzi dio sindikatuak.

Ebakuntza kirurgikoen kopurua murriztea bereziki larritzat jo du, COVID-19aren eraginez luze itxaroten ari diren pazienteak daudelako tartean.

“Jendearen osasun arreta eta pazienteei emandako zerbitzua lehenetsi ordez, dirua aurreztea nahiago izan dute osasun zerbitzuek”.

Langileen ordezkapenak murriztu dituztela ere ohartarazi du SATSEk, horrek langileen gainkargan eta eskaintzen den zerbitzuan dituen ondorioekin.