argia.eus
INPRIMATU
LGTBI+ arretarako murrizketak bertan behera uzteko exijitu diote Nafarroako Gobernuari
  • LGTBI+ kolektiboari bideratutako sexu arreta eta juridikoa ematen duen Kattalingune elkartearentzat aurrekontua murriztu du Nafarroako Gobernuak: ia 38.000 euro gutxiago. Orain arteko zerbitzuaren "jarraikortasuna" etengo dela ohartarazi dute Kattalinguneko langileek eta LGTBI+ elkarteek. Murrizketaren ondorioz langileak kaleratu egingo dituztela uste dute.

Lide Iraola 2022ko abenduaren 20a
Lizitazioa bertan behera uzteko eta langileak ez kaleratzeko exijitu diote Nafarroako Gobernuari. / Argazkia: Pablo Lasaosa, Navarra.com-entzat

Nafarroako Berdintasun Institutuaren baitan LGTBI+ kolektiboari bideratutako arreta eskaintzen du Kattalingunek. Astelehenean lanuztea egin dute, ordea, salatzeko hurrengo urterako gobernuak ia 38.000 euro gutxiago bideratuko dituela zerbitzura. Elkarteak Nafarroa osoan eskaintzen duen arretak kalitatea galduko duela ohartarazi dute, baita langileen baldintzak arriskuan jarri dituztela ere.

Iruñeko Parlamentuaren atarian, Kattalinguneko langileak, LAB sindikatuko ordezkariak eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldeko eragileek elkarretaratzea egin dute astelehenean, protestarako argudioak azaltzeko. Aurten arreta zerbitzuak izan duen aurrekontua ere datorren urterako motz geratuko litzateke haien ustez, inflazioa kontuan harturik; igoerarik ez, eta murriztu egin diete gainera 2023rako diru laguntza.

Azaroan izan zuten murrizketaren berri, Berdintasun Institutuak zerbitzuaren kontratuaren lizitazio publikoa zabaldu zuenean. Horretaz gain, langileen baldintzak okertzen ditu kontratuak: astean zortzi lanordu gehitu dizkie, eta lan karga handiagoa jarri.

Murrizketekin zerbitzuarekin kalitatea okertuko litzateke, eta lan baldintzak okertu

Kattalingunez gain, Dekumas, Despertrans, EHGAM, Safikak, Transkolore, Ilotaledo, Naizen, Lugatibe, 28J eta Kukuluak elkarteek ere sinatu dute lizitazioa bertan behera uzteko eskatzeko oharra. Nafarroako Gobernuak, hala ere, ezezkoa erantzun du, Berria-k jaso duenez. Sinatzaileek exijitu dute, halaber, langileak ez kaleratzeko. Izan ere, aurrekontu horrekin ez dute uste denak mantentzerik badenik.

Zortzi urteko jarduna Kattalingunek

Berdintasun Institutuak 2016an sortu zuen LGTBI+ kolektiboari begirako zerbitzu publikoa. Iruñeko, Tuterako, Irurtzungo, Tafallako eta Lizarrako egoitzetatik Nafarroa osorako doan ematen ditu ondorengo zerbitzuak: informazioa eta orientazioa, sexu arreta eta juridikoa, LGTBI+ eragileentzako arreta eta formakuntza.