argia.eus
INPRIMATU
Murrizketak irakaskuntza publikoan
  • Aste honetan, asteazkena hilak 22, EAEn izaten ari diren hezkuntza murrizketen lekuko izango da euskal jendartea. Hezkuntzaren kalitateari eta irakaskuntza publikoari eraso zuzena dira, baita bere langileen egonkortasunaren kontra ere.

Juan Mari Arregi 2017ko martxoaren 21

Eraso hori ikusgai izango da ELA, LAB eta STEILASek greba deitu dutelako 30.000 langile inguru ari diren sektorean. Grebara joango dira murrizketei eta Espainiako eta EAEko gobernuek inposaturiko politikei erantzuteko, baita hezkuntza sistema propioa eskatzeko ere.

Eta nolakoak dira murrizketak irakaskuntza publikoan? Ikasgelako ikasleen ratioa handitu egin da eta 2.000 lanpostu galdu dira horrekin batera; aldiz, egiturazko 6.000 plaza huts daude. Horri gehitu behar zaio hezkuntza publikoan 10.000 lagun ari direla lanean behin-behineko egoeran, arlo horretako langileen %39. Egoera etsigarria bezain odoltsua da. Erkidegoko exekutiboak azken urteetan ezarritako murrizketen ondorio da hori guztia: 2009ko datuekin konparatuz gero 162 milioi euro gutxiago. Gasteizek hitzartutako irakaskuntza babesten du 23 milioi euro gehiago emanez, eta aldiz publikoari 4 milioi murriztu dizkio.

Euskal Herriaren etorkizun sozial, ekonomiko, politiko eta kulturala ikasgela horietan dago. Sektore horrek lehentasunezkoa eta pribilegiatua izan beharko luke baliabideak emateko garaian; zaindu egin beharko lukete. Hezkuntzaren oinarria irakasleen eskuetan dago eta haien enplegu egonkortasunak erabatekoa izan beharko luke. Jasaten ari diren prekarietateak hezkuntzaren kalitateari erasango dio. Gure herriak ezin du hain funtsezkoa den hezkuntzaren arloan murrizketarik egin, ezin dugu halakorik onartu.