Seaskako ordezkariek Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituen murgiltze sistementzako lege propioa eskatu dute Parisen, Barne, Kultura eta Hezkuntza ministerioetako ordezkariekin egindako bilkuran.
Hiru ministerioetako ordezkariek erabakitzeko ahalmena duten mailetara eramango dute Seaskaren eskaera. Ikastoletako ordezkariak erantzunaren zain geratu dira, baina ez dakite zein egunetan jasoko duten.
"Gure eskaera aztertuko dutela erran ditute, eta erabakitzeko boterea dutenengana informazioa helaraziko dutela, eta esanen digutela", adierazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak bilera amaitu ostean. Murgiltze eredua daukaten eskolak biltzen dituen Eskolim federazioko kide bat eta Colette Capdevielle, Sylviane Alaux eta Frederique Espagnac parlamentari sozialistek ere parte hartu dute bileran.
Falloux legea
Ekainean, Hendaiako ikastolaren eraikina herriko etxeak ordaintzea legez kanpokotzat jo zuen Patrick Dallennes Baionako suprefetak, Frantziak duela 100 urte baino gehiago onartu zuen Falloux legea oinarri hartuta. Haren hitzetan egoitza pribatuak ezin dira diru publikoarekin finantzatu.