argia.eus
INPRIMATU
Murgiltze ereduaren aldeko manifestazioan 10.000tik gora lagun bildu dira Baionan
ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 31
Manifestazioaren abiaburua. Argazkia: France Blue Pays Basque.

Antolatzaileen batuketaren arabera, 10.000 lagun bildu dira protestan eta suprefeturaren arabera 6.000 lagun. Bestetan ez bezala, Hego Euskal Herritik jendeak nekezago egin du Baionarako bidea, pandemia argudiotzat hartuta muga igarotzeko oztopoak baitaude.

Manifestazioaren abiaburuan “Euskarak murgiltzea behar du!” leloa duen pankarta eraman dute. Lehen lerroan izan dira 2021-2022 ikasturtean murgiltze eredua esperimentatzeko prest ziren lau ikastetxeetako ordezkariak, alegia, Larraine, Idauze-Mendi, Aiherra eta Orzaize eta Arrosakoak. Eredu hori probatzeko aukera orain airean gelditu da. Lau ikastetxeetako ordezkarien ondoren, dagoeneko murgiltze ereduan irakaskuntza eskaintzen ari diren ikastetxe pribatuetako, publikoetako eta Seaskako ordezkariak izan dira.

Irakaskuntzako ordezkariez gain, Naiz egunkariak adierazi duenez, kolore askotako agintari politikoek hartu dute parte. Deigarria, esate baterako, Biarrizko alkate Maider Arosteguy eskuin kontserbadorekoa.

Frantziako Estatuko beste hainbat tokitan ere antzeko mobilizazioak izan dira Pour Que Vivent Nos Langues ekimenaren pean, Konstituzio Kontseiluaren erabakiak euskararen irakaskuntzari ez ezik, estatuko beste hizkuntza gutxituen irakaskuntzei ere eragiten dielako.

Berria egunkariak Paul Molac elkarrizketatu du, 2020ko otsailean Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari Buruzko Legea Frantziako Asanblean aurkeztu zuen diputatu bretoia. Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren ondoren, murgiltze ereduak atzera egiteko daukan arriskuagatik duen kezka ez du ezkutatu: “Hauteskunde garaian gaude: orain eskualde eta departamenduetakoak, eta heldu den urtean presidentetzakoak. Zer gertatuko da 2022aren ondoren? Blanquer Hezkuntza ministro izanen da oraindik? Hala bada, okerrena espero dut. Edo erabat gure hizkuntzen kontra den presidente bat? Hori ere posible da. Batasun Nazionala ez da bereziki gure hizkuntzen aldekoa, eta Marine Le Pen presidente hautatua izan daiteke. Beraz, bai: mehatxua biziki argia da. 2022ra arte, ez, baina ondotik...”.