argia.eus
INPRIMATU
Murgiltze ereduarekin jarraitzea posible izango da Frantziako Estatuan
  • Murgiltze eredua legezkoa da Frantziako Estatuan, Hezkuntza ministerioak aldizkari ofizialean argitara eman duen zirkularraren arabera, eta ikastetxeek erabaki beharko dute zein mailetan erabiltzen duten bertako hizkuntza.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko abenduaren 16a
Argazkia: ARGIA

Iragan maiatzean Frantziako Konstituzio Kontseiluak atzera bota zuen Frantziako Legebiltzarrak onartutako Hizkuntza Gutxituen Legea (Molac legea), eta harrez geroztik hizkuntza gutxituetan oinarritutako hainbat eredu kolokan ziren Frantziako Estatuan.

Orain, Frantziako Hezkuntza ministerioak Eskualdeko hizkuntzen eta kulturen irakaskuntzari buruzko agiria atera du aldizkari ofizialean eta, irakurketa pausatuagoaren zain, iazko udaberrian barreiatutako beldur ugari baretu ditu. Orduan eskatu zitzaion Hizkuntza Gutxituen Legeaz ebaztea, baina harago joan eta Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituen murgiltze ereduak jarri zituen zalantzan.

Ministerioak agirian egindako interpretazioaren arabera, gurasoek ikusi behar dute zein eredutan eskolatuko dituzten haien seme-alabak, eta ikastetxeen ahalmena izango da hizkuntza bakoitzari eskainitako orduak finkatzea. Hori bai, ikasleak frantsesa eta hizkuntza gutxituaren “maila bereko ezagutza” izan behar du, eta hori neurtzeko ebaluaketa osagarriak ezarriko dira, Berria-n Ekhi Erramundegik azaldu duenez.

Ikastetxearearen egunerokotasunean eta haren kudeaketan erabili beharreko hizkuntza frantsesa izan behar dela ere aipatzen du agiriak, baina "behar balitz, eta kontestuaren arabera, eskualdeko hizkuntza ere erabili daiteke" frantsesarekin batera.

Baxoa euskaraz egiteko aldarrikapena ere aspaldikoa da Ipar Euskal Herrian eta zirkular honen arabera, "baxoko proba batzuk eskualdeetako hizkuntzetan pasatzen ahal dituzte". Ikastetxeek eta hezkuntza ministerioak adostu beharko dute baimen hori nola bideratu.