argia.eus
INPRIMATU
Murgiltze eredua konstituzioaren aurkakotzat jo duen Frantziako Hezkuntza Ministerioaren txostena filtratu dute
  • 2019ko uztailean osatu zuten txostena Yves Bernabe Hezkunde Nazionaleko ikuskatzaile nagusiak eta Sonia Dubourg-Lavroff Hezkunde Nazionaleko administrazioko ikuskatzaileak. Bretainiako Diwan ereduaren ikerketa bada ere, Seaskako eragileek uste dute euskal murgiltze ereduarentzako beste txosten bat daukala Ministerioak. Salatu dute ikerketa Molac legeari ezarritako errekurtsoaren ebazpena baino lehenagokoa dela.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 07a
Seaskaren aldeko manifestazioa Baionan, 2018an. Argazkia: @Udalbiltza

Kazeta.eus hedabideak emandako informazioaren arabera, igorle anonimo batek irailaren hasieran filtratu die hamasei orriko txostena Diwan sareko arduradunei. Testuak Eskualde hizkuntza bizi baten murgiltze irakaskuntza: Diwan sarea du izena, eta bretoiaren irakaskuntza bermatzen duen Diwan murgiltze ereduaren ikerketa da. Halere, bere helburua zabalagoa da, eredu konkretu horren azterketa baliatzen baitu “murgiltze sare guziei eragingo dien azterketa orokor baten lehen elementuak” ezartzeko. Beraz, Seaskari, Calandretari (Okzitania) edota Bressolasi (Katalunia) eragin lieke.

Azterketaren arabera, ikasle elebidunen konpententziek beste sare batzuetako umeen gaitasunak “askogatik” gainditzen dituzte. Gainera, murgiltze ereduko ikasleen, gurasoen eta irakasleen inplikazio eta erantzukizuna frantses eskoletan baino hobea da. Dena den, hiztun elebidunak heztea “kontraesana” da txostenaren egileen ustez: Frantziako hizkuntza frantsesa da, eta “justizia erabakiek” eskatzen dutenez, irakasten den erdia frantsesez segurtatu behar da.

“Diwan sareak ez ditu Hezkunde Nazionaleko koadro arautzaileak errespetatzen, eta egoera paradoxikoa bizi du: hezkuntza zerbitzuko misioak betetzen ditu, baina juridikoki legearen kontrako posizioan da”. Gauza bera gertatzen da Seaskarekin. Yves Bernabe ikuskatzaileak Bretainiako eskolez gain, Seaskako zentroak ere bisitatu zituen 2019an, eta ikastolen federazioko eragileak dudan dira ez ote duten euskarazko murgiltze ereduaren aurkako antzeko txosten bat garatu.

Seaskaren susmoak

Irailaren 6an Bardozen emandako prentsaurrekoan, Peio Jorajuria Seaskako presidenteak adierazi du horrela izan daitekeela. Idazki hori existitzen bada, Hezkuntza ministroak publiko egin behar duela esan du presidenteak, “euskal jendarteak jakin dezan zein diren Parisen benetako asmoak ikastolen geroari buruz”. Izan ere, federaziotik salatu dute Kontseilu Konstituzionalak Molac legeari ezarritako errekurtsoaren ebazpena baino lehenagokoa dela ikuskatzaileen txostena: murgiltze eredua babesteko Molac legea maiatzaren 21ean zentsuratu zuten partzialki.

Molac legeari buruzko hausnarketa, gaur

Paul Molac Bretainiako diputatuak, hain zuzen, garatu duen izen bereko legearen inguruko hausnarketa egingo du gaur EHUko udako ikastaroetan, Donostian. “Molac Legea, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpena eta bere ondorioak” ikastaroan, Ipar Euskal Herriko euskalgintzako kideak eta unibertsitate irakasleak bilduko dira. Lege proposamena eta tramite parlamentarioa zein izan zen, eta ondoren, Asanblea Nazionalean eta Senatuan zer nolako debateak izan ziren azalduko du hitzaldian diputatuak.