Bilboko Radio Popularri egindako adierazpenetan, Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak azaldu du “higadura eta eskari pertsonalak” izan direla bi sailburuak euren postuetatik kentzeko arrazoiak.
Ez Hezkuntza sailburuak, ez Osasunekoak: Cristina Uriartek eta Nekane Murgak ez dute lekurik izango EAJko Iñigo Urkulluk PSErekin batera osatu duen Eusko Jaurlaritza berrian eta aldaketa horren zergatiez galdetu diote Itxaso Atutxa buruzagi jeltzaleari Radio Popularren. Atutxaren arabera, “higadura” eta “eskari pertsonalak” daude bi kargudun horiek ordezkatzearen atzean.
Ez da iritzi berekoa Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia: joan den igandean ezker abertzaleko buruzagiak esan zuen bi sailburu horiek karguan ez jarraitzeak de facto adierazten zuela Jaurlaritzak onartzea “gauzak gaizki egin direla” sail horietan, koronabirusaren krisia hasi zenetik EAEko admnistrazioaren puntu ahulenetarikoak izan baitira.
Ingurumen sailburua aldatzearen atzean ere antzeko zerbait dagoela iradoki zuen Otegik, orain arte postu hori okupatu duen Iñaki Arriola PSE-EEko kidea izan baita askoren ustez Zaldibarko zabortegiko krisiak gehien kaltetu duen arduradun politikoetako bat.
Baieztapen horiei erantzunez, Atutxak adierazi du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak “erabat” babestu dituela Hezkuntza eta Osasun sailen buru izan diren bi pertsonak eta egin duten lana. Aldaketak ez dira, BBBko buruaren arabera, kudeaketa txarraren ondorio, eskari pertsonalek eragindakoak baizik, baita karguak eragindako higadurak ere.