argia.eus
INPRIMATU
“Muralak zentsuratu badituzue ere, mezu askatzaileak zabaltzen jarraituko dugu Sopelan”
  • Sopelako mural politikoen topaketan egindako muralak zentsuratu dituztela eta, zenbait kolektibok zentsura salatzeko protestara deitu dute larunbatean 20:00etan Sopelako Sanpedro txosnagunean.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko ekainaren 29a

Maiatzaren 5ean mural politikoen topaketak egin ziren Sopelan, ‘horma gris isil asko aldarrikapen eta kolorez betez’ lemapean. Antolatzaileek adierazi dutenez, “Zapore gazia izan zuen egunak”. Ertzaintzak, bederatzi lagun identifikatu eta mozal legea aplikatu zien.

Plaza Beltzak, Uribe Kostako Agroasanbladak, Aistak Sopelako Talde Feministak eta Tosu Betirako kolektiboetako kideek azaldu dutenez, “gertakari hauen ostean, Udalak presa handiz ezabatu zituen muralak”.  Helburu artistiko eta politikodun margoketak baino ez dituztela ezabatu azpimarratu dute.

“Herritarren adierazpen askatasuna zapaldua” delako, larunbatean 20:00etan Sopelako Sanpedro txosnagunean egingo den protestan parte hartzeko deia egin dute.