Altsasuko hainbat herritar bildu ziren atzo Altsasuko plazan egindako prentsaurrekoan. Larunbateko istiluen harira, “beste muntaia polizial baten aurrean gaudela” adierazi zuten. Eta hori salatzeko manifestaziora deitu zuten larunbateko eguerdiko ordu 13etarako Altsasun.
“Zenbait komunikabide eta karguk emandako bertsio ofiziala” salatu zuten atzo Altsasuko plazan bildutako biztanleek. Bide batez, gogoratu zuten ez dela “guardia zibilaren probokazioak jasaten” dituzten lehenengo aldia: “Gerra egitera etorri ziren gure herrira indar polizialak, eta horretan dihardute”.
Nafarroako Gobernuaren jarrera ere kritikatu dute, “kontrastatu gabe egindako deklarazioengatik”. Hortaz, larunbatean atxilotutakoei eta euren familiei elkartasuna adierazi diete, eta bi gazteen absoluzioa eskatu dute.