argia.eus
INPRIMATU
Uxue iturriondo eta Suhar Txabarri, Ernaiko kideak
“Muntaia polizial hau kontsakratu egingo da seguruenik”
  • Ernaik manifestazioa deitu du larunbaterako, hilak 4; izan ere, iazko maiatzean gazte antolakundearen deialdi baten harira Bilbon zazpi atxilotu egon ziren, eta ekainaren 15ean epaituko dituzte. Suhar Txabarri otxarkoagarra da horietako bat. Uxue Iturriondo, berriz, Bilboko Ernaiko kidea da.

Maite Txintxurreta Agirregabiria Uriola.eus @uriolaeus 2022ko ekainaren 03a
Uxue iturriondo eta Suhar Txabarri, Ernaiko kideak. (Arg.: Uriola)

20.000 eurotik gorako isunak eta urtebete eta urte eta erdi bitarteko kartzela zigorrak eskatzen dizkieten honetan, auziperatuekiko elkartasuna adierazi eta gazte borrokak merezi duela azpimarratzeko aterako dira kalera. Mobilizazioa 17:30ean abiatuko da Plaza Eliptikotik. 

Iazko manifestazioaren harira zazpi atxilotu egon ziren Bilbon. Tartean zu, Suhar. Nola gertatu zen guztia?

Suhar Txabarri: Pasa den maiatzaren 7rako manifestazioa deitu zuten, larrialdi egoeran geundelako eta beharra ikusten zelako, gazteriaren prekarietatearen eta bizitzaren garestitzearen ondorioz. Ni manifestaziora joan nintzen, eta guztiz baketsua izan zen. Justu amaieran, Albia Lorategietan geundela, bozeramaleak hitzaldia egin ondoren, poliziek filak apurtu zituzten eta jendea erasotzen hasi ziren. Jendea kolpatzen hasi ziren indiskriminatuki, eta han izan ziren lehen sei atxilotuak. Nahiko bortizki jokatu zuten. Horren ondorioz, jendeak, atxiloketa injustuen harira, erabaki zuen Deustuko komisaldegira joatea, atxilotuak eraman zituzten tokira, manifestazio baketsu bat egitera. Eta han erabaki zen errepidea moztea modu baketsuan. Ni justu azken unean iritsi nintzen, eta heldu orduko polizia kargatzen hasi zen, ezer esan gabe. Jendea bortizki kolpatzen hasi ziren, eta ihes egiten hasi nintzen beldurraren poderioz. Gorantza hasi nintzen korrika, eta eskaileretan poliziak harrapatu, lurrera bota, eta gogor egin zidaten. Nik ez nuen erresistentziarik egin, eta bortitz samar jokatu zuten. Zazpi atxilotu izan ginen Bilbon, eta guztira 60 zauritu.

Zu ere zauritu zintuzten?

S.T.: Bai. Parte medikoa eskatu nuen. Polizia batek lurrera bota ninduen eta belauna buruaren gainean jarri zidan ni atxikitzeko. Behin baino gehiagotan esan nien ez nuela erresistentziarik jarriko, baina hala ere nahiko bortizki jokatu zuten. Niri, pertsonalki, denetarik esaten ibili ziren. Oso-oso txarto hitz egin zidaten, irainekin eta gorroto handiz. Hala ere, badakit ni ez nintzela izan okerren tratatua.

Deustuko komisaldegira eraman zintuzten gero. Gogoan duzu zenbat denboraz egon zinen bertan?

S.T.: Goizaldeko bostak edo seiak arte, abokatuekin egon eta atera arte. Denbora dezente, zortzi edo bederatzi ordu guztira.

Zeri egin behar diozue aurre epaitegian ekainaren 15ean?

S.T.: Fiskaltzak akusazioa egin digu 20.000 euroko isun zigorra eta urtebeteko kartzela zigorra eskatuz. Agintaritzaren aurkako atentatua egozten digute, eta poliziei lesioak eragin izana. Horrez gain, akusazio partikular bat egongo da poliziaren partetik. 21-22.000 euroko eskaera egiten digute, eta urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen digute bakoitzari. Hasieran desordena publikoa ere eskatu ziguten, baina epaileak atzera bota zuen.

Oraingo kasu honetatik harago, gizarte mugimenduen aurkako errepresioan gorakada gertatu dela salatu du Ernaik. Zertan igarri duzue?

Uxue Iturriondo: Guk ulertzen dugu ez dela kasu isolatu bat izan. Iazko maiatzaren 7an Ernai izan zen jazartua, baina argi ikus dezakegu, Tubacex eta Alconzako greben edota Iruñerriko mugimendu feministaren kasuetan, esaterako, gurearen antzeko kasuak bizi izan dituztela. Errepresioaren gorakada argia dela erakusten du horrek guztiak. Hain zuzen, horri buruzko mahai-ingurua egin genuen maiatzaren 12an SOS Arrazakeriarekin, Iruñerriko mugimendu feministarekin, Tubacexekin eta maiatzaren 7ko auziperatu batekin, eta helburua izan zen borrek ezkutatzen dutena argitara ateratzea. Hor ohartu ginen eskubide sozialak defendatzeko altxatzen garenok azken urteetan jasan dugun bortizkeriaz, poliziala nahiz beste mota batzuetakoa, eta argi dago jazarpen honek gu gelditzea duela xede.

Polizia muntaiatzat kalifikatu duzue prozesua. Hala da? Zergatik?

S.T.: Nik, pertsonalki, argi diot baietz. Izan ere, egin ziguten atestatua ikusi genuen eta guztiz zentzugabekoa zen. Bakoitzari leporatu dizkioten lesioak, poliziari emandako kolpeak… Niri, adibidez, poliziaren furgoneta bati harriak eta objektuak botatzen ibili nintzela esan didate, justu eserialdia egon zen unean. Ni ez nintzen han egon, azken unean heldu nintzen eta. Eta polizia kamerak badaude han, komisaldegiaren inguruan ibili ginelako. Eta uste dut kasurik latzena izan zela atxilotuetako bati egotzi ziotela kargadore bat lapurtu izana. Bere kontra kargatu zuten eta lepauztaia apurtu zioten. Bada, esan zioten lepauztaia apurtu ondoren ukabilkadaka eta ostikoka ibili zela, baita kargadore bat lapurtu eta borra bat lapurtu zuela ere. Hori guztia, lepauztaia apurtuta zuela.

S.T.: Oraindik gauzak prestatzen eta abokatuekin azken bilerak izaten ari gara, baina ez dugu uste itxaropenerako tarte handirik egongo denik. Muntaia polizial hau kontsakratu egingo da seguruenik. Hori bai, asko eskertzen dugu komunitateak, Ernaik eta gainerako jendeak kasu honetarako emandako laguntza eta kalte ordainen kostuak kubritzeko egindako dohaintzak.

Iazko manifestazio hartako leloa Larrialdi egoeran gaude izan zen, pandemiak latzago bihurtutako gazte prekarietateari erreferentzia egiten ziona. Zein da egoera gaur egun?

U.I.: Pandemian agerian geratu ziren bai krisi anizkoitz baten aurpegi zuriketa, bai sistema kapitalista zisheteropatriarkal batera bultzatzen gaituztela egunerokoan, batez ere gazteok. Hala ere, nahiz eta badirudien gaitz horiek orain pixka bat ezkutatu direla, presente dauzkagu oraindik gure bizitzetan. Hor daude, esaterako, emantzipatzeko ezintasuna, gazteen arteko ondorio psikosozial handiak, etxebizitza eskubidearena eta abar. Eta gaur egun horren aurka borrokatzen dugun eragile sozial ororen gainean bortizkeria areagotzen ari dela ikusten ari gara.

Prozesu judizial horretan daudenei atxikimendua erakustea da asteburu honetako deialdiaren helburua?

U.I.: Bai, hori bada helburuetako bat, baina beste bat da gazte borrokak merezi duela erakustea, gazteak hemen gaudela eta ez gaituztela geldituko ikusarazteko. Horregatik gonbidatzen ditugu guztiak ekainaren 4an 17:30ean Eliptika plazatik abiatuko den manifestaziora batzera.

Zer edo zer gaineratuko zenukete?

U.I.: Berriz ere deialdia egitea gazte guztiei mobilizaziora batzeko. Gazte borrokak merezi du, ez gaituzte geldituko.