Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.
Munstro kaleratu berri dute Julen Irazoki, Ibai Aizpurua eta Mikel Dale euskal sortzaileek. Mugikorrean ukipen bidezko kontrolak erabilita munstro beldurgarriak fusionatzea edo batzea proposatzen duen puzzle joko frenetikoa dugu.
Helburua itxura berbera daukaten munstroak errenkada berean kokatzea eta norabide batean irristatzea da: hori eginda, batu egingo ditugu —bi mugimendu bakoitzean—, puntuak eskuratuz, eta are munstro indartsuagoa sortuz. Izaki beldurgarriago hauekin gauza bera eginez gero, eskuratutako puntuak biderkatuko ditugu.
Gure markarik onenak haustea proposatzen digu jokoak, hainbat taula desberdinen artean aukeratuz: 3×3, 4×4, 5×5 edo 6×6 tamainako taulak ikusiko ditugu.
Kontzeptua oso ezaguna egingo zaie gailu mugikorretako puzzle jokoen munduan murgilduta dabiltzanei; izan ere, Threes! edo honen ostean arrakasta handiagoa lortu zuen 2048 mitikoen antzeko oinarriak partekatzen ditu Munstrok.
Hori, baina, Aizpuruaren ohiko plastilinazko estetikarekin uztartzen du Irazokik programatutako tituluak. Euskal bideojokozaleen komunitateak ondo ezagutzen dituen Barraka edo Fart Starter lanen antzeko claymation itxura dauka joko berriak. Dale, berriz, partida bakoitzean entzungo ditugun doinuak konposatzeaz arduratu da.
Android sistema eragilean joka dezakegu Munstron: Play Store saltokiaren bidez jaitsi daiteke, doan. Guztiz euskaratuta aurkituko ditugu bere menuak eta testuak.
Etorkizunean iOS bertsioa egongo ote den galdetuta izaterakoan, Iphone eta antzekoak “uste baino gehiagok dituztela” aipatu du Irazokik, eta “agian egingo duela”.
Hiru sortzaileak Game Erauntsia Elkarteak Zomorro Studio-rekin batera antolatutako Euskal Game Jam topaketan parte hartutakoak dira. Aizpuruak eta Irazokik aldez aurretik elkar ezagutzen zuten, baina Dale iaz lehenengoz egindako ekimenean ezagutu zuten.
Bertan sortu dituzten jokoen artean daude Nazka, Arimen Gaua, Oinaztargi eta aipatutako Fart Starter.