ELA sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñozek lan ezbeharren balorazioa egiteko deitutako prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak “pribatuan onartu dio” Confebaskek ELA eta LAB sindikatuak legez kanpo uzteko eskatu zuela.
2014eko azaroan jakinarazi zuten bi sindikatuek Confebaskek Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioari (CEOE) dokumentu bat bidali ziola ELA eta LAB “paretik kentzeko legea” eskatuz. Patronalak ukatu egin zuen hori.
Muñozek adierazi duenez, “Jaurlaritzako jendeak pribatuan onartu digu agiria benetakoa eta patronalarena zela. Zalantza bakarra dute, ea LAB eta ELA siglak kendu ziren ala ez”.
Eusko Jaurlaritzaren kontra ere hitz egin du Muñozek eta “bi mezu” azaleratu arren bakarra nagusitzen dela esan du: “Confebaskekin dago Eusko Jaurlaritza”.