argia.eus
INPRIMATU
Munillari eskainitako muxukada kolektiboa deitu dute Harrotasun Egunerako
  • LGBTI Harrotasun Egunaren harira, ostegun honetan manifestazioa antolatu du Donostiako TransMarikaBollo+ kolektiboak eta geldialdia iragarri du Artzai Onaren parean. “Ez dagoelako jainkorik gure plazera ospatzen ez duenik! Munilla, deabrua zure bila” lelopean, muxukadara animatu dute jendea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko ekainaren 27a

Sexu berekoen arteko harremanak, “intrinsekoki desordenatuak”

“Tradizioak beti azaldu du ekintza homosexualak intrinsekoki desordenatuak direla”, adierazi zuen José Ignacio Munilla Donostiako gotzainak, Sexo con alma y cuerpo liburuan. Eskritura Santuetan sexu berekoen arteko harremanak “gaiztakeria larri” gisa agertzen direla eta halako harremanak inongo kasutan ezin direla onartu ere azpimarratu zuen bertan. Gisa horretako adierazpen homofoboengatik, behin baino gehiagotan kritikatu du gotzaina LGBTI kolektiboak.

Ostegun honetan, 19:30ean abiatuko da manifestazioa, Bulebarretik.

Ekainaren 28koa ez da izango Munillari Artzai Onaren parean egiten dioten lehenengo protesta. Donostiako gotzain izendatu zutenean bertan, Gipuzkoako hainbat LGBTI elkartek elkarretaratzea egin zuten katedralaren aurrean, Munillak harreman homosexualen aurka zeraman gurutzada salatzeko. Ordurako, “desira homosexualean presente dauden irrika neurotikoen sendagile” gisa aurkeztua zuen bere burua gotzainak.

Eta berriki, martxoaren 8an, hainbat emakumek ere gogor kritikatu zuten gotzainaren jarrera katedralaren aurrean, honek esan ostean "deabruak gola sartu" diola feminismoari.