argia.eus
INPRIMATU
Munillaren agurrean, Mozal legeaz zigortua
  • Otsailean apezpikua agurtzeko Donostian egin zen performancea ikusten izan zen Beatriz Goñi. Orain, zigortu egin dute identifikarazi zutenean ahoz adierazi zuelako bere NAN zenbakia. Identifikatzeari uko egitea egotzita, 700 euroko isuna jarri dio Ertzaintzak.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 27a
Performancearen argazkia. Argazkia: Emakume Askeak.

Mozal Legearen ondorioz jaso du isuna Beatriz Goñi Iribarrenek. Otsailean Jose Ignacio Munillari egindako “agur-performance” batean egon zen eta ondoren ertzain batzuekin eztabaidatu ostean. ARGIAk berarekin hitz egin du, gertatutakoaren gora-beherez jakiteko.

Otsailaren 6ean jazo zen dena. Munilla apezpikua bere azken meza ematen ari zen Donostian. Artzain Onaren katedrala fededunez bete zen, baita inguruak ere Naizen irakurri dezakegunez.

Bitarte horretan, katedralaren parean Emakume Askeak taldeko bost ekintzaile feminista gerturatu ziren, performance bat egitera. Ikusmina sortu zuten. Bost mandamendu irakur zitezkeen beren karteletako batean: bizitza maitatu, zure gorputza gozatu, aniztasuna errespetatu, hartzan eta eman zan, eta, azkena, ibili dantzan. Munillari San Benitoa itzuli zioten sinbolikoki.

Ertzaintzarekin tira-birak

Performancea amaitzean, bost feministek alde egin zuten bertatik. Inguruan ekintza ikusten aritu ziren hainbat pertsona ordea, bertan berriketan geratu zirela adierazi du Goñik.

Orduan bertaratu zen Ertzaintza. Kanpoan zeuden fededunek esan zuten Goñik performancean parte hartu zuela nahiz eta bera ikusten bakarrik egon zen. Hori gertatzen ari zela, berak argazkiak egin zituen. Horregatik gerturatu zitzaion ertzain bat. Argazkiak ezin zituela atera eta ezabatzeko esan zion. Goñik erantzun zion, berak argazkiak ateratzeko eskubidea bazuela, arazoa argazki horiekin ondoren zer egiten zen zela. Ertzainak bere burua identifikatzeko eskatu zion. Goñik ea modu prebentiboan jaso nahi zuten bere NAN zenbakia galdetu zuen, “zuek badituzue baliabideak jarraitzeko nik irudi hauekin zer egiten dudan, zerbait gaizki egiten badut aukera izango duzue isun bat jartzeko edo”.

Behin argazkiak ezabatuta, Goñiri bere burua identifikatzeko esan zioten berriro ere. Berak ez zuen ulertzen, argazkiak borratuak baitzeuden. Ordu erdi beranduago, “aspertuta”, ahoz eman zien bere NAN zenbakia. Goñik emandako identifikazioa Ertzainak zuzena zela baieztatzean amaitu zen dena, ustez.

Maiatzean isuna jaso du baina, “identifikatzeari uko egitea” leporatuta. 700 euroko isuna, ordainketa azkarra eginez gero, erdia, 350 euro.

Harritu egin zuen isunak, “ez nuen espero” aitortu du. Gertaera salatzea erabaki du Piztu Donostia mugimenduaren laguntzaz. Eragile sozial honek herritarren laguntza eskatu du zigor ekonomikoa neutralizatzeko.