argia.eus
INPRIMATU
Munillaren adierazpen homofoboek kritika erauntsia eragin dute berriro
  • Jose Ignacio Munilla gotzainak enegarren aldiz erakutsi du bere homofobia, homosexualitatea “sendatzeko” terapiak defendatuz. Valentzian irakasle bat harrapatu dute ikasleekin birmoldaketa homosexualeko terapiak egiten, eta Donostiako apezpiku ohia bere alde atera da. Espainiako Zientzia ministroak haserre erantzun dio.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 17a

Valentziako eskola bateko irakasle bat homosexualitatea sendatzeko terapiak egiteagatik salatu dute. Munillak horren aurrean “LGTBI+ kolektiboaren libertizidioa” salatu du. Donostiako apezpiku ohiak adierazi du Irakasleak "egin behar zuena" egin duela eta gizona ez dela “terapeuta”, bakarrik “laguntzaile espirituala”.

Munillak salatu du birmoldaketa homosexualeko terapiak debekatzen diren bitartean beste hainbat gauza onartzen direla: “Sexu aldaketak, hormonatu ahal izatea, zirugiak egitea edo protesiak jartzea... Horietatik nahi duzuna egin dezakezu baina terapia psikologiko bat da legeak zigortzen duena”.

Zientzia Ministerioaren erantzuna

Munillari erantzun diote Espainiako Zientzia Ministerioko arduradun batzuk. Lehenik Diana Morant ministroa atera da gotzainaren aurka: “Munillaren hitzak onartezinak dira, eta LGTBI+ kolektiboaren duintasunari eraso egiten dio”. Ministroari jarraituz estatuko zientziako idazkariak, Juan Cruz Cigudosak adierazi du: “Urte asko pasa dira Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea gaixotasun moduan ikusteari utzi zionetik. Terapiarik ez da behar gaixotasunik ez badago, utzi iruzur egiteari”.