argia.eus
INPRIMATU
Munduko zortzigarren herrialde populatuenak zart egin du
  • Bengalako golkoko krisiak jauzi kualitatiboa egin du jada Bangladeshen: estatu-kolpearen izena ez, baina izana baduen mugimenduan, Sheikh Hasina lehen ministroa agintetik kendu eta erbestera joanarazi du Armadak. Baina Bangladeshko krisi politikoak lehen bezalatsu jarraitzen du, hitzetatik harago aginte berriak hartu beharko dituen neurrien zain. Eta auzoko bi potentzia erraldoien, India eta Txinaren, buruhauste potoloa izaten jarraituko du.

Mikel Aramendi 2024ko abuztuaren 06a
Argazkia: AP
Bi hilabete kalean borrokan daramatzaten manifestariek heroitzat txalotu dituzte militarrak. Halako zerbait eskatzen ari ziren azken egunetan. Eta zinez, Bangladeshko aurtengo abuztuaren 5koak ez du kidekotasunik 2021eko otsailaren 1ean Myanmarren Aung San Suu Kyi erreferentetzat zuen gobernu zibila eraitsi zuen estatu-kolpearekin. Hau da, une honetan Dhakatik 300 kilometrora gori-gorian dagoen gerra zibila (berr)abiarazi zuenarekin.
 
Baina lehen orduetako gozotasun horiek joaten direnean, errealitatearen mingostasuna berragertuko da ezinbestez. Trantsiziokoa izan behar lukeen gobernuaren eraketan lehenik. Hasinaren Awami Liga gabe, eta haren aurka, osatutako zerbait izan dadin tentazioa ez ezik presioa indartsua izango da. Baina hura agintetik kanporatuta Awami Liga oskol huts bat izango dela pentsatzea hutsegite larria izan daiteke. Militarrek “trantsizioa” nola ulertzen duten ikusi beharko da, bestalde.
 
Bi hilabetez borrokan aritu den kuoten aurkako ikasle-mobilizazioa amatatzeko Hasinaren gobernuak –alferrik– erabili duen errepresio gupidagabearen erantzukizun-garbiketa izango da ondorengo froga-harria: 300 hildako baino gehiago, milaka zauritu, dozena bat mila atxilotu... Ez da ahaztu behar, haatik, bere historia ez horren luzean Bangladeshek pairatu dituen jazoera bortitzen (independentzia prozesua bera, Sheikh Mujibur Rahmanen hilketa, haren hiltzaileen exekuzioa...) hala moduzko kitapenak dabiltzala, baita oraindik oraingo gorabehera hauen sustraian ere.
 
Eta ondoren, ekonomiak emango du zeresana. Munduko esku-lantegi handienetako bat bihurtu izanak erakarritako goraldi makroekonomikoaren erdian suertatu da “Kuoten aurkako Iraultza” hau. Baina esan gabe doa hazkunde horrek zerikusi estua duela Hasinaren erregimenak, baita lan-harremanetan ere, erruz erabili duen gogorkeriarekin, Eta etorri ziren bidetik joan daitezkeela kanpoko inbertsio asko egoera berrian.
 
Biztanlez munduko zortzigarrena den herrialdeak, gainera, begira-begira izango ditu sailkapen horretako lehena eta bigarrena; guztiz mugakidea bat, eta bertatik bertakoa bestea. Myanmar Txinarentzat buruhauste latza bada, are gehiago da Bangladesh Indiarentzat. Zorionez, bietako inork ez du deus irabazten krisi bat zein bestea zirikatuz.
 
Eta sarkasmoa badirudi ere, Bengalako golkoko krisiek Asiako bi handienen arteko tirabirak samurtu egin dituela ematen du. Bestela ere nahikoa eta gehiegi izan dezaketelako.