argia.eus
INPRIMATU
Munduko 43 pertsona aberatsenek 3.600 milioi txiroenek adina aberastasun biltzen dute
  • Jeff Bezos, Amancio Ortega, Warren Buffett, Carlos Slim, Bill Gates, Mark Zuckerberg, Larry Ellison eta Michael Bloomberg dira munduko pertsonarik aberatsenak eta mundua bitan banatuta zatirik txiroenaren adina aberastasun biltzen dute ia. Guztiak gizonezkoak dira, sei estatubatuar, mexikar bat eta espainiar bat.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 16a
Ezkerretik eskuinera eta goitik behera,Jeff Bezos, Amancio Ortega, Warren Buffett, Carlos Slim, Bill Gates, Mark Zuckerberg, Larry Ellison eta Michael Bloomberg.

Astelehen honetan eman du jakitera datua Oxfamek, Davoseko Mundu Foroa egin bezperetan, eta mundu mailan txiro eta aberatsen arteko arrakala inoiz baino handiagoa dela erakusten du. Zerrenda egiteko Oxfamek Credit Suisse bankuko eta Forbes aldizkariko datuak erabiltzen ditu.

Justizia eza eta pobreziaren aurka lan egiten duen gobernuz kanpoko erakundea da Oxfam eta ohikoak dira munduko aberastasunaren banaketari buruz egiten dituen txostenak. Aurtengoaren balorazioa egiterakoan, argi azpimarratu dute aberats eta txiroen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak direla eta hori oso kezkagarria eta kaltegarria dela. Bere politikak arrakala horren handitzean zerikusi ugari badute ere, Nazioarteko Diru Funtsak ere kezka agertu du horregatik.

Txostenean Europako Batasunaren desberdintasunak ere aipatzen dira eta, Txipreren ondoren Espainia da krisiaren urte hauetan desberdinasunik handienak sortu dituen herrialdea. Espainiako Estatuko hiru pertsona aberatsenek 13,8 milioi pertsonak adina aberastasun biltzen dute.

Datu hauei buruz asko ari dela hitz egiten dio Oxfamek, baina azpimarratzen du, halaber, ez dela ezer egiten ari egoera aldatzeko. Txostenean egoera horri aurre egiteko hainbat neurri proposatzen ditu, besteak beste, aberastasunari zerga handiagoak ezartzea. Erakundearen ustez, gaur egun lehia itzela dago herrialdeen artean zerga txikiagoak jarri eta korporazioak erakartzeko, eta joera honekin bukatzeko mundu mailako itun bat behar da.

Enpresek gobernuei egiten dieten presioa ere gogor kritikatu da txostenean eta baita “politikari eta enpresen artean dagoen gertutasuna” ere. Presio horiek saiheste aldera, erakunde publikoek mundu hori zorrotzago arautu beharko luketela uste du Oxfamek.