argia.eus
INPRIMATU
Txerri-industriako presidentea zelakoan, ekintzaile antiespezista bat elkarrizketatu dute AEBetako Fox katean
  • Fox Business telebista saioko ikus-entzuleengana bestelako ahots bat heldu da abenduaren 23an. Maria Bartiromo aurkezleak uste zuen Smithfield Foods konpainia erraldoiko presidente Dennis Organ elkarrizketatzen ari zela, baina errealitatean, animalien eskubideen aldeko ekintzaile bat zen. Txerri-industriaren enpresa horren praktikak salatzeko baliatu du ekimena.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko abenduaren 30
Ekintzaile antiespezista batek Fox telebista engainatzea lortu du bere mezua zuzenean zabalduz.

The Yes Men ekintzaileen estiloa bere eginez, Direct Action Everywhere (DxE) taldeko kideek Fox telebista kate kontserbadorea engainatzea lortu dute. Mornings with Maria programako Maria Bartiromo kazetariak Matt Johnson ekintzailea elkarrizketatu du Smithfield Foods multinazionaleko presidente Dennis Organ zela pentsatuz. Telebistan zuzenean ari zela baliatu du Johnsonek salatzeko enpresa horrek osasun publikoan, ingurugiroan, animaliengan eta bere langileengan eragiten dituen abusuak. Bartiromo kazetariak, programan aurrerago, engainua salatu du.

Elkarrizketa modu inozentean hasi da, Kazetariak galdetu dio Smithfield Foods enpresak Hego Dakotan daukan lantegiko langileen artean zabaldu den COVID-19 kutsatzeaz. Johnsonek (Organ balitz bezala) adierazi du presidente gisa langileen kuraia eta dedikazioa goraipatu nahi dituela, eta langileentzat babes ekipamenduak hobetuko dituztela. Bi minutu geroago ordea, elkarrizketa beste bide bat hartzen joan da, elkarrizketatuak adierazi duenean hemendik aurrera gardentasun handiagoz jokatzen hasiko direla hitz ematen duela, baita jakitun dela ere, berea bezalako lantegiek pandemia berriak eragiteko duten ardura ere.

Ekintzaileak milaka ikus-entzuleren aurrean (ostean ere bai, ekimenak izan duen oihartzunagatik), hiltegi-enpresa horren ardura salatu du. "Pandemia gizarte globala gogor jotzen ari da, zerua sutan daukagu, hiltegietako langileak hiltzen ari dira, eta milaka milioi animalia beharrik gabe sufritzen ari dira. Seinaleak ezin dira argiagoak izan: zerbait egin behar dugu orain". Sei bat minutuz aritu da telebistan zuzenean ekintzailea, elkarrizketatua konturatu den arte engainatua izaten ari zela.

 

DxE ekintzaileek gerora jakinarazi dutenez, No More Factory Farms kanpainaren parte izan da ekintza hori. Gobernuari eskatzen ari dira etorkizuneko pandemia berriak ekiditeko hiltegi erraldoi eta etxalde handien eraikuntzari moratoria esleituz. DxEko ekintzaileak etxaldeetan, hiltegietan eta bestelako eraikinetan sartzen dira, animalien aurkako abusuak dokumentatu, eta zauritutako eta gaixotutako animaliak erreskatatuz. Azken urteetan larruzko produktuen aurkako ekimenak egin dituzte Kalifornian batez ere, eta ekintzaile hauek FBIren jomugan daudela salatu dute.

Praktika hau The Yës Men ekintzaileek behin baino gehiagotan baliatu zuten, munduko enpresa handietako arduradunen rolean sartu eta hedabide handietan elkarrizketak emanez. The Yes Men Fix the World dokumentala ARGIAko multimedia kanalean ikusgai dago euskarazko azpidatziekin, Eguzki Bideoak banaketei esker.