argia.eus
INPRIMATU
Munduko soldatapekoen lan egoera kaskartzen ari da, testuinguru ezegonkor baten erdian
  • Munduko kontinenteen arteko lan egoeren aldeak murrizten ari dira. Europako soldatak izoztuta dauden bitartean, Asiakoek goranzko joera nabarmena dute. Mendebaldeko herrialdeetan lanaren produktibitatea soldatak baino gehiago hazi da azken bi hamarkadetan.

El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto Jon Bernat Zubiri Rey @jonbernat Endika Alabort Amundarain @autogestioa 2019ko otsailaren 05
Langileen manifestazioa Txinako Hua Yang Printing Holdings Co. Ltd. enpresaren ateetan, 2007an
LANAREN EKONOMIA  : Bilbo Hiria irratia eta Hordago elkarlanean

Azken datuen arabera, lan egiteko adinean dagoen populazioaren %62 enplegatua dago, hots, 3.300 milioi pertsona. Baina soldatapeko langileak enplegatuen %54 bakarrik dira, hots, 1.800 milioi pertsona. Zer gertatu da soldata errealekin azken urteotan ? Soldata errealak inflazioa kontutan hartzen du, hau da, bizitzaren kostua. 2017ko soldaten hazkundea aurreko urtekoa baino murritzagoa izan zen; gainera, 2009tik hona ere baxuena izan da. Joera murriztaile hori G20an, Txinan eta mundu maila orokorrean ematen ari da. Aldiz, garapen bidean dauden herrialdetan askoz nabarmenagoa da hazkundea.

Urteko batez besteko soldata errealen hazkundea, 2006-2017

Iturria: https://www.ilo.org/ilostat

Bere aldetik, hazkunde ekonomikoa motelduz joan da. Gelditze hori nabariagoa da herrialde garatuetan, haien ekonomiaren hazkundea esportazioetan eta inbertsio gastuetan oinarritu baita; garatzeko bidean dauden herrialdetan, aldiz, hazkunde horren lokomotorak kontsumo pribatua eta inbertsioak izan dira.

Urteko batez besteko ekonomia hazkundea, 2006-2017 (BPG prezio konstanteetan)

Iturria: https://www.ilo.org/ilostat

Inflazioa handitu egin da, eta horrek eragin zuzena izan du soldata errealetan, soldata nominalen hazkundea oso murritza izan delako. Ondorioz, soldata errealak murriztu egin dira mundu osoan. Gainera, herrialde garatuetan deflazioaren mamua aldendu egin da, elikagaien eta energiaren prezioen gorakadak direla eta.

Inflazioa, 2006-2017 (batez besteko kontsumo prezioak)

Iturria: https://www.ilo.org/ilostat

Diru sarrera handia duten herrialdeetan harrigarriena ez da ekonomia hazkunde garaian langabezia tasa murriztea, soldata errealen murrizketa baizik. Europar Batasunean batez besteko langabezia tasa %6,5 inguru zen 2018ko apirilean; AEBetan, aldiz, %3,8 (1960ko hamarkadatik tasa txikiena). Adituek langabeziaren eta soldaten arteko alderantzizko harremana zegoela esaten zuten, baina 2016an eta 2017an ez zen harreman hori eman. Garapen bidean dauden herrialdeetan, Lanaren Nazioarteko Erakundeak dio lan informala oso orokortua dagoela bizirauteko, langabezian izatea ez baita aukera bat. Mundu mailan lanean daudenen %60k ekonomia informalari esker lortzen dute bizirautea. Saharaz Hegoaldeko herrialdetan tasa hori %90koa da.

Eskualdeka, egoera anitzak

Munduko langileen artean, Asia eta Pazifikoko langileek izan zuten soldata errealaren hazkunderik handiena; batez ere Txinak, Indiak, Thailandiak eta Vietnamek. Dena den, hazkunde horren joera murrizkorra da ere. Nabarmentzekoa da Europar Mendebalde, Hegoalde eta Iparraldeko langileen soldata errealek hazkunderik ez izatea 2017an. Latindar Amerikan eta Karibean egoera pixka bat hobetu zen 2017an, aurreko urteetako egoera txarra atzean utzita, eta azpimarragarria da Afrikako herrialdeen joera, Egipto eta Nigeria kenduta apur bat hobetu baita. Egipton monetaren debaluazio gogor bat eman zen, eta inflazioa bultzatu zuen horrek; Nigerian, aldiz, petrolioaren prezioen araberakoa izan da garapena, eta gorabehera handiak jasan ditu.

Urteko batez besteko soldata errealen hazkundea, eskualdeka, 2006-2017

Iturria: https://www.ilo.org/ilostat

 

Soldatak eta produktibitatea diru sarrera handiko herrialdeetan

Zenbait adituren arabera, enpresek, zalantzazko ekonomia testuingurua dela eta, soldata igoerak saihestu dituzte; gainera, langileek negoziazio kolektiboan zuten posizioa ahuldu egin da. Teknologia berriak, mundu mailako lehiakortasunaren hazkundea, lanaldi partzialeko enpleguen orokortzea eta sindikalizatutako langile kopuruaren txikitzea daude joera horren oinarrian.

Lanaren produktibitatearen eta soldata errealen joera herrialde garatuetan, 1999-2017

Iturria: https://www.ilo.org/ilostat

 

Soldata arrakalen hazkundea

Soldaten arteko aldea zeharo ezberdina da herrialde bakoitzean. Gini koefizientea erabiliz, biztanleriaren soldaten banaketa azter dezakegu: balio baxuagoak (zerotik gertuago daudenak) dituztenek soldata desberdintasun txikiagoak izango dituzte; balio altuagoak (100 inguru) dituztenek, aldiz, soldata desberdintasun altuagoak.

Sarrera handiagoa duten herrialdeetan Gini indizea txikiagoa (hau da, desberdintasun gutxiago dute); zenbat eta diru sarrera maila baxuagoko herrialdea izan, desberdintasuna handiagoa izango da. Lau multzo identifika ditzakegu: sarrera handiko herrialdeen Gini indizea 26,1 da, sarrera ertain-handieko herrialdeetan 40,5, sarrera ertain-baxuko herrialdeetan 37,1, eta sarrera baxuak dituzten herrialdeetan 47,3.

Soldata desberdintasunen Gini indizea

Iturria: https://www.ilo.org/ilostat

 

Iturria: https://www.ilo.org/ilostat

 

Iturria: https://www.ilo.org/ilostat

 

Ondorio modura

Gure lurralde txikian soldaten inguruan ematen den joera ez da bertako bitxikeria bat; mundu osoko langileak jasaten ari dira, neurri batean ala bestean. Orokorrean, hazkunde ekonomikoak eragin txikia izan du soldatetan; batez bestekoa apurtzen duten herrialdeak Asian kokatzen dira gehienbat. Hala ere, nabarmentzekoa da herrialde horietan ere soldata errealen hazkundea murrizten ari dela.

Herrialde garatuetan produktibitateak ez du zuzenean soldatetan eragin; kapitalisten poltsikoetara joan da. Eta soldata desberdintasunak, logikoa denez, nabariagoak dira txiroago diren herrialdeetan : zenbat eta ongizate handiagoa, orduan eta soldata desberdintasun gutxiago.

Kapitalak bere klase borroka aurrera darama; hala erakusten digu soldata errealen joerak. Horren aurka egiteko langileek beren boterea handitu behar dute, negoziazio kolektiboan indarrez jarduteko. Eta noski, kateatzen gaituen sistema honekin bukatu behar du; kapitalismoa akabatu. Sistema ekonomiko honen barnean azaldutako joera haren funtzionamenduaren oinarria baita.

LANAREN EKONOMIA BILBO HIRIA IRRATIAN. LOTURA HEMEN

ARGIA : Bangladesheko ehungintza sektoreko langileen greba

2013an Rana Plaza eraikina hondoratu eta milatik gora langile hil zirenetik, multinazionalen menpeko emakume langileen lan egoera ez da hobetu. Bangladesheko ehungintza sektoreko milaka langileen egungo greba aztertu du Argiak. 50 lantegi inguruk itxi zituzten ateak, eta poliziak istiluetan erabilitako indarkeriak hildako bat eragin zuen. BilboHiria irratian Argiako kazetari Amaia Lekunberrik esan duenez, soldaten igoerarekin eta grebalarien kaleratzearekin erantzun dute enpresariek.

SINDIKALAGENDA

Ecuador Etxea eta sindikatuekin elkarlanean

Otsailak 1, barikua

  • Gaur otsailak 1, Simply bizkaian greba deituta zegoen. Greba bertan behera gelditu da aurre akordio batera heldu direlago. Mobilizazioak etenda geratu dira gainerako puntuak negoziatzen diren bitartean (ESK, LAB).
  • Tabakalerako bitartekariek greban jarraitzen dute.
  • Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileek greban jarraitzen dute (ELA, LAB, ESK, UGT).
  • SATSEk Erizainen ratioen aldeko sinadura bilketa egingo du: otsailaren 2an Gasteizen, El Corte Ingléseko Jesus Guridi kaleko irteeran (10:00-14:00); 6an Gurutzetako Ospitaleko sarreran; 7an Gasteizen, Unibertsitateetan, Nieves Cano kaleko Las Nieves ikasgelategiaren parean (10:00-14:00); eta 8an Bilboko egoitzaren aurrean.
  • Gasteizen, Hotel Palacio de Elorriagan langile bat kaleratu dute haurdun egoteagatik. Mobilizazioa egingo da, eguerdiko 12:00etan (LAB).
  • LABeko Bizkaiko metalgintzako delegatuen elkarretaratzea FVEM patronalaren egoitzan, 12:00etan.
  • Martxoaren 8ko Greba Feministaren prestaketa lanak direla eta, hainbat topaketa egiten ari dira: Gaur Gernikan, 17:00etan Astran; Bermeon, Kabidxen, 19:00tan; Altzan, Herrera kultur etxean, 19:00etan; Oñatin, otsailaren 5ean, Eltziako topalekuan, 18:00etan; Donibanen 18:30etan, San Juan Xarren.

 

Otsailak 2, zapatua

  • Lantegi Batuak enpresako langileek manifestazioa egingo dute Bilbon, lan hitzarmenaren alde (ELA, LAB, CCOO, UGT). #LantegiBatuakBorrokan.

    Greba deialdia dago Bizkaiko H&M dendetan (LAB, ELA).

  • “Inor ez da ilegala” manifestazioa Donostian, Bulebarretik, 12:00etan.

 

Otsailak 4, astelehena

  • Pentsio duinen aldeko elkarretaratzea Bilboko Udaletxearen aurrean, 12:00etan. Gasteizen ere hala izango da.

Otsailak 5, martitzena

  • Elkarretaratzea Arrasateko ospitalean, kazikismoaren kontra eta Osakidetzako EPEko irregulartasunak salatu zituztenei babesa emateko, 10:30etan (LAB, ESK).

Otsailak 6, eguaztena

  • La Navaleko langileek mobilizazioa egingo dute Madrilen.

    Otsailak 7, eguena

  • Otsailaren 7tik aurrera, ABB enpresan hitzarmena dela eta, greba egingo dute langileek (ESK).
  • Nafarroako Medikuen Sindikatuak greba deialdia egin du otsailaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, Nafarroako ospitale guztietan.

 

Otsailak 8, barikua

Osakidetzako Emergentzia Zerbitzuko langileek elkarretaratzea egingo dute negoziazioa eskatuz, Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, 9:00etan (SATSE, ELA, LAB, ESK, CCOO, UGT, Sindicato Médico).

Kronika hau Hordagok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.