argia.eus
INPRIMATU
Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?
  • Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko martxoaren 20a
Haifako birfindegia Israelen, haraino iristen da munduko konpainia handienek ekoitzitako petrolioaren zati bat. Argazkia: Bazan

Hori da Oil Change International GKEak ondorioztatu duena, Britania Handiko Data Desk aholkularitza enpresak egindako ikerketa bateko datuak eskuan. The Guardian egunkariak azaldu duenez, aholkularitza horrek satelite bidezko irudiak aztertu ditu petrolio-ontzien kokapena zehazteko, eta portuetako agintaritzek eta ontziolek emandako datuekin erkatu ditu.

2023ko urritik AEBetako Texas estatutik gutxienez hiru petrolio-ontzi iritsi dira Israelgo Ashod eta Haifako birfindegietara, azkenekoa martxoaren 6an. Egun horretan Ashkelongo portuko kaian ikusi zuten itsasontzia. Ordurako Israelen erasoek 30.000 pertsona hil zituzten Gazan.

Israelek ez du petroliorik ekoizten, eta ez du zuzenean petrolioa bere lurraldera eramateko oliobiderik ere. Hortaz, itsasotik egiten diren inportazioak dira bere energia hornidura bide nagusia.

Hain justu, Itsaso Gorrian hutiek egin erasoen ondorioz petrolio-ontzien garraioa asko gutxitu da Israelera, baina jarraitzen du erregaia erruz jasotzen, hein batean zeregin zibiletarako, baina "Israelen birfintzen den petrolioaren zati handi bat zuzenean armadarentzat bideratzen da", dio The Guardian-ek.

Chevron, ExxonMobil, TotalEnergies, BP, Shell...

Hornidura horren atzean petrolio ekoizle handiak daudela dio Data Desken ikerketak. Zati bat Azerbajandik iristen da, BTC oliobidetik Turkiaraino eraman eta handik itsasoz porturatzen dute. Oliobide horren akziodun nagusia BP konpainia da, eta TotalEnergies zein ExxonMobil ere badaude akziodunen artean.

Horrez gain, Brasilgo itsasoan ekoizten den petrolioa ere iristen da Israelera, herrialde hartako Lula da Silvaren gobernuak Netanyahuren kontrako jarrera oso kritikoa duen arren. Shell, TotalEnergies eta Petrobras daude petrolio horren atzean.

Kaspiar Itsasoa ere petrolio iturri garrantzitsua da Israelentzat, Chevron konpainiaren esku dagoen CPC oliobidearen bidez. Errusiako kalitate baxuko fuelolioa ere inportatzen du Israelek Haifako porturaino, baita Saudi Arabia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak eta beste hainbat tokitako petrolioa ere.

"Israelen gerra-makineria elikatzen duten herrialdeak eta petrolio-enpresa handiak konplize dira herri palestinarraren genozidioan"

"Israelen gerra-makineria elikatzen duten herrialdeak eta petrolio enpresa handiak konplize dira herri palestinarraren genozidioan –azaldu dio Oil Chang Internationaleko programako zuzendari Allie Rosenbluthek The Guardian-i–. AEBek bereziki, kontuak eman beharko dituzte nazioarteko zuzenbidearen balizko urraketengatik, zuzenean hornitzen baitute Israelgo Armada".

Konplizitate hori salatzen duen BDS (Boikota, Desinbertsioa eta Isunak) mugimenduak, Chevron enpresaren kontrako mundu mailako kanpaina abiatu du: "Txostena baliotsua  izango zaigu, bertan aipatzen diren enpresa-konplizeak agerian uzten dituelako", azaldu du britainiar hedabideari BDSko kide batek.