Estadio, taberna eta albistegietako orroak futbola ez den gainerako guztia estaltzen hasi dira, baita nazioarteko futbolarekin lotutako negozio ilun eta ustelak ere. 2015eko AEBetako fiskal nagusiaren hitzak ahanzturaren zingiran urperatu dira jada: “Futbolaren kupuletan agerikoa, sistematikoa eta sakonki errotutakoa da ustelkeria”. Errusiako gizonezkoen munduko futbol txapelketari begira izango dira 3.400.000 lagun, FIFAren datuen arabera. Eta badakigu kiroletik baino negoziotik gehiago duela futbol modernoak.
2010ean Hego Afrikan, herritarren erdia pobrezian bizi zen eta 3.900 milioi dolar erabili zituzten Munduko Kopa prestatzeko. FIFAk 3.380 milioi dolarreko sarrerak izan zituen. 2014koan Brasilek 15.000 milioi dolar xahutu zituen azpiegituretan, kostuen %90 Lularen Gobernuak hartu zituen bere gain. Eta FIFA Go Home oihuen artean, 2.600 milioi irabazi zituen FIFAk. Aurtengo edizioan ere joera goranzkoa da. FIFAren diru sarreren aurreikuspena 6.000 milioikoa da. Errusiako Gobernuak gastuen –12.000 milioi dolar– %70 ordainduko du funts publikotik. Zifra estratosferikoen dantza honetan ez dago soberan datu hau gogoraraztea: “Etekin asmorik gabeko” elkarte suitzarra da FIFA. Milaka milioiko negozioa kudeatzen duen talde altruista, onura orokorra duena, laguntza publiko handiak jasotzen dituena (zergetan, adibidez) eta agintean talde ‘selektoetako’ kideak dituena. Espainiako errege-etxeak sina lezakeen deskribapena da, baina ezberdintasun bat dago, ordea: FIFAn ‘Urdangarinak’ dozenaka dira.
FIFAgate
2015ean AEBetako Justiziak FIFAko 41 langile, goi-kargu eta Amerikako hainbat gobernutako buruzagi –tartean Costa Rica, El Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua eta Panamako presidenteak– inputatu zituen, futbolaren kontura bidegabeki aberasteagatik. FIFAko zuzendaritzan 17 urte zeramatzan Joseph Blatterrek 2015ean dimititu egin behar izan zuen. Ustelkeria kasuen uholdeari erantzuteko FIFAk Espainiako popularren esku-liburuari heldu zion: “Pertsonen akatsak dira, ez erakundearena”. Hala, 2016an Gianni Infantino jarri zuten zuzendari, Blatterren gertukoa. Baina bera ere ez da ustelkeria akusazioez salbu. 2017an Le Monde egunkariak argitaratu zuen, Turkiako futbol partida batzuen iruzurretan parte hartu zuela Infantinok.
Etekina eskubideen gainetik
Pasa den astean FIFAko Kontseiluak erabaki du giza eskubideak betetzen ez dituzten herrialdeak ez zigortzea, aldeko 156 eta kontrako 35 botorekin. Agian horregatik, FIFAk ez du arazorik izan datorren edizioa Qatar diktadura wahabistan egiteko. Prestakuntza lanak hasita dituzte eta, Amnistia Internazionalaren arabera, esklabotzatik gertuko baldintzetan ari diren 2.000 langile, gehienak nepaldarrak, hil dira Kopako azpiegituren eraikuntzan. Negozioa kirolaren gainetik dagoela ikusteko ageriko kasua da Qatarrekoa. Nazioarteko txapelketa eta liga gehienen udako etenaldian ospatu ohi dira munduko kopak. Baina, aldaketarik ezean, azaroan eta abenduan jokatuko da 2022koa, tenperaturak 40 eta 50 gradutara heltzen baitira udan. Liga handien egutegiak baldintzatu behar izango dituzte.
Bai, baloia biraka hasi aurretik irabazlea adostuta zegoen. Inork baino gehiago, FIFAko lagunek ospatuko dituzte Azpilikueta, Odriozola eta enparauen golak.