argia.eus
INPRIMATU
Munduko kasik mila milioi lagunek buruko nahasmenduren bat dute
  • Depresioak eta antsietateak %25 egin zuten gora pandemiaren lehen urtean, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Buruko osasunari duen garrantzia ematea eta osasun publikoa indartzea beharrezko jo ditu erakundeak, mende aldaketatik orain arte egin den datu bilketarik handiena aintzat hartuz.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 05a
Argazkia: Pixabay

Desoreka sozial eta ekonomikoek gora egitea, hainbat lurraldetan luzatu diren gatazkak eta osasun publikoak bizi duen larrialdi egoera munduko ongizatea kolpatzen ari direla ohartarazi du OMEk. Buruko gaitzei lotuta, haurtzaroa eta nerabezaroa zaurgarritasun handiko adinak direla gehitu du erakundeak.

Ia mila milioi pertsonak buruko nahasmenduren bat dutela ikusita, buruko osasunaren, osasun publikoaren, garapen sozioekonomikoaren eta giza eskubideen artean dauden loturak azpimarratu ditu OMEk.

Hiru neurri funtsezko

Egoeraren aurrean, instituzioek “ahalik lasterren” inplementatu beharreko hiru neurri nagusi nabarmendu ditu OMEk. Batetik, osasun mentalari duen garrantzia ematea eta horren araberako konpromisoa hartzea, lekuan lekuko administrazioek arlo horretara bideratutako inbertsioa eta inplikazioa handitu dezaten. Bigarrenik, inguruneen ezaugarri fisiko, sozial eta ekonomikoak moldatzea (etxeetan, eskolan, lanpostuetan, komunitatean…), gaitzak prebenitu eta osasun mentala hobeto babesteko. Hirugarrenik, zerbitzu irisgarri eta kalitatezkoen sarea bermatzea, buruko gaitzei behar bezalako arreta eskainiko diena.

Gaiaz luze aritu ginen Osasun mentala, taburik eta estigmarik gabe mahai-inguruan.