Mintzola ahozko lantegiak bultzatuta, munduko kantu inprobisatuari buruzko jardunaldiei ekingo diete asteazkenean, hilak 9, Villabonan (Gipuzkoa). Besteak beste, hitzaldiak, mahai inguruak eta bat-bateko saioak izango dira.
Bat-batekotasunari buruzko topaketak sei saiotan banatu dituzte. Lehen saioan, hiru gai izango dituzte mintzagai: bertsolaritza eta emozioak Pio Perezek eskainia, bertsolaritzaren transmisioan ekologiari ematen zaion garrantzia Eric Dicharryren eskutik eta emakumea bertsolaritzan Eli Perez Gazteluk azalduta. Hitzaldien ostean, mahai ingurua egingo dute hiru adituek.
Gainontzeko egunetan hainbat esparru landuko dituzte: Mexikon bertsotan aritzea, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Kubako kantu inprobisatua, Basarriren ekarpena, bertsoaren “ehuna”, Herrialde Katalanetako bat-bateko jarduna eta performancearen alderdi kulturala.
Hurrengo saioak urriaren 16an, azaroaren 6an, azaroaren 11n, abenduaren 11n eta abenduaren 12an eskainiko dituzte, Villabonako Subijana etxean. Ekimen guztiak doan izango dira.
Hemen egitarau osoa eta hizlari eta hitzaldiei buruzko informazioa.