argia.eus
INPRIMATU
Munduko jaiotze tasa txikitzen eta biztanleria zahartzen ari da
  • Hurrengo urtean India izango da munduko herrialderik populatuena, Txinaren aurretik; datorren azarorako, 8.000 milioi herritar izango ditu planetak; zortzi herrialdetan kontzentratuko da biztanleriaren hazkunderik handiena; baina oro har jaiotze tasa txikitzen eta biztanleria zahartzen ari da. Horiek dira Nazio Batuen Erakundeak emandako datuetako batzuk.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 12a
Argazkia: Getty Images

Munduko Biztanleriaren Egunaren harira, demografiari lotutako hainbat datu eman ditu NBEk. Erakunde horren arabera, 1.400 milioi biztanle dituen Txina gaindituko du Indiak 2023an, munduko jaiotze tasarik txikienetakoa duen Txinak iragarri baitu herritar kopurua txikitzen hasiko dela datorren urtetik aurrera, uste zena baino lehenago, eta Indiako biztanleriak hazten jarraitzen du.

Munduko populazioaren hazkundea ez da garai batekoa bezain azkarra, 1950etik jaiotze tasa geldo ari da gorantz eta kopuru gorenera 2080 inguruan iritsiko omen da: 10.400 milioi biztanle izango ditu planetak. Hainbat demograforen esanetan, kopuru horretara lehenago ailegatuko gara.

Zortzi herrialderik ugalkorrenak

Hurrengo 30 urteetan ikusiko dugun hazkundearen erdia baino gehiago zortzi herrialdetan kontzentratuko da: India, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Egipto, Etiopia, Nigeria, Pakistan, Filipinak eta Tanzania.

Beste muturrean, munduko ekonomiarik garatuenetan biztanle kopuruaren beheranzko joera hasia da dagoeneko. 61 herrialdetan biztanleria gutxienez %1 gutxituko da 2050erako, NBEren arabera.

Urte horretarako, munduan bizi-itxaropena 77,2 urtekoa izatea aurreikusten dute, eta horrekin batera, 65 urtetik gorako herritarren kopurua egungo %10etik %16ra igotzea 2050erako. Gaur egun dagoeneko populazioaren zahartzea nabarmena da Asia ekialdean eta Europa mendebaldean.