argia.eus
INPRIMATU
Munduko Euskal Pilota Txapelketan, euskal pilota selekzioak lekurik ez
  • Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute dozenaka lagunek Labrit parean egindako elkarretaratzean.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko abuztuaren 26a
"Noiz arte horrela?", galdegin du Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak / Argazkia: @ehbildu

Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak (EHEPSAM) deitu du igandeko elkarretaratzea. Aurrez, halaber, "jaialdi ireki eta herrikoia" antolatu dute Jito Alai pilotalekuan –Labrit atzealdean dago–, "Ofizialtasuna, noiz?"» lelopean. Nesken gomazko paletazko eta gizonezkoen eskuzko partidak jokatu dituzte.

Espainia eta Frantziako selekzioekin jokatzeari uko

Espainia, Frantzia, Mexiko, Argentina, Bolivia, Peru eta Kubako selekzioak ari dira Nazioarteko euskal pilota Federazioak antolatutako Munduko Txapelketan. Hain justu, ekainaren 29an Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldian, Espainia eta Frantziako selekzioekin jokatzeari uko egin diotela jakinarazi zuten 50 pilotarik. Egun hartan salatu bezala, Amaia Larraldek eta Ekhi Ziarrustak Iruñeko agerraldian adierazi dute selekzioaren ofizialtasunari dagokionez urteotan ez dela "ezer" aurreratu.

Jito Alai pilotalekuan jokatutako partidetako bat / Argazkia: @ehbildu

Hiru eskaera egin dituzte pilotariek. Batetik, Nazioarteko Federazioari eskatu diote euskal selekzioak ofizialtasuna lor dezan bidea errazteko; bigarrenik, ofizialtasuna babesten duten alderdi politikoei –"bereziki EAJ eta EH Bilduri"– "hitzetatik ekintzetara pasatzeko"; eta, hirugarrenik, EAEko eta Nafarroako federazioei, baita Iparraldeko Pilota Batzordeari ere, "elkar hartuta urratsak emateko"