argia.eus
INPRIMATU
Munduko emakumeei gutun irekia, gose greban 100 egun betetzear den Leyla Güven kurduaren partez
  • Emakume agurgarriak, nahiz eta gure geografiak milaka kilometrok zatitu, pozik nago nire ahotsa heldu zaizulako. Munduko iskina oso ezberdinetan gauden arren, emakume gisa, beti aitortu izan dugu elkar. Hypatiak dioen bezala, "gutako inor ez da berdina, baina batzen gaituzten gauzak banantzen gaituztenak baino handiagoak dira". Ahizpak gara. Gehien batzen gaituzten gauzak askatasunaren aldeko borroka, era guztietako faxismoen, diktaduren eta pentsaera patriarkalaren aurkako erresistentzia dira.

Leyla Güven 2019ko otsailaren 08a

Eutsi eta borroka egiten duten emakumeak sinbolo bilakatzen dira beti –Clara Zetkin, Rosa Luxemburg, Mirabal ahizpak, Sakine Cansiz, Leyla Qasim eta beren borrokagatik sinbolo bilakatu diren beste emakume asko–. Emakumeok munduko populazioaren erdia osatzen dugu. Eta hala ere, zapalduak gara. Gure eskubideen alde borroka egiten hasten garenean, terrorista izendatzen gaituzte.

Munduko emakume guztiok faxismoari nahikoa dela esan behar diogu, diktadurarik ez!

Emakumeen hilketak, etxeetako tratu txarrak, haurren ezkontzak, Irango presondegietan heriotzara zigortutako emakumeak –Zeynab Jalalian da horietako bat–, beren ama hizkuntza debekatua dute emakume kurduek, gudatik ihes egin duten emakume arabiarrak, edozein feminizidio mota. Emakume gisa hiltzeko prest gaude, gure borrokak batuta feminizidioa gera dezakegu. Gure borroketan sinetsi behar dugu horretarako.

Ahizpa agurgarriak,

Emakume kurdua naiz. Emakumeen aurkako injustiziari buruzko nire kontzientzia A. Öcalan jaunari esker garatu dut. Öcalan jaunak emakumeen askapenaren aldeko borrokari eman dion garrantziari esker, milioika emakumek borondate indartsua garatu dugu. Esnatze gisako bat bizi izan genuen eta ni emakume horietako bat naiz. Ikasi nuen nire generoarekin bakean bizitzen, pentsaera patriarkala borrokatzen eta feminista izaten. Öcalan jaunarengandik ikasi genuen gizartea soilik izango dela libre, emakumeak libre direnean. Ordutik, urte luzeetan emakumeen askatasunaren alde egin dut borroka eta hala jarraituko dut.

Nire esnatzea zor diodan Öcalan jauna isolamendu ziega batean daukate preso 20 urtez. Öcalan jaunaren isolamendua amai dezatela eskatzeko gose greba abiatu nuen. Milioika kurduk ikusten dugu gure borondate politikoak Öcalanek ordezkatzen dituela. Ekialde Hurbilean eta munduan bakea eraikitzeko ahaleginetan ari den aktore garrantzitsua da bera. Preso gisa bere eskubide eta askatasunak ukatu dizkiote, herrialdeko eta nazioarteko legedia hautsiz.

Eskubide horiek aitor ziezazkioten eskatzeko, HDP eta DTK alderdietako politikari kurduok, isolamendua amaitzeko eskatzen hasi ginen. Gure ustez, halako isolamendua giza eskubideen aurkako krimena da. AKP eta MHP alderdi turkiarrak gutako asko espetxeratzen hasi ziren, isil gintezen. Jomugan bereziki emakumeak jarri zituzten. Atxilotutako legebiltzarkideen erdia baino gehiago emakumeak dira. Hirietako alkateak ere berdin espetxeratu zituzten. Politikan emakumeon quota onartzen ez duten horien politikak ekarri du presoen %60-70 emakumeok izatea.

Urtebete inguru egin dut espetxean, joan den urtarrilaren amaieran askatu ninduten arte, gose grebaren 79. egunean, nazioarteko elkartasun eta babes kanpainaren ondorioz. Preso batek ez dauka bere gorputza besterik. Horregatik hasi nuen gose greba hau eta nire ekimena hausteko estatuaren saiakerak saiakera, hala jarraituko dut nire eskaera –Öcalan jaunari inposatu dioten isolamendua amaitzea– betetzen duten arte. Europako erakundeei gutunak idatzi dizkiet adieraziz Turkia giza eskubideak eta nazioarteko legedia urratzen ari dela.

Guven espetxetik askatu zuten eguna, etxean gose grebarekin jarraituko zuela iragarri zuen berehala.

Orain, nirekin batera, herrialde osoko kartzeletan, ehunka lagunek, preso politikoek, gose greba mugagabea eta atzeraezina abian dute. Munduko leku askotan, Estrasburgon adibidez, Europako Batzordearen aurrean, gose grebak egiten ari dira. Gure osasuna etengabe okertzen ari da isiltasun global honen muturretan.

Hannah Arendtek behin idatzi zuen horrelako zerbait: "Askatasunak ekintza esan nahi du. Askatasuna ekintzaren bidez lor baitaiteke soilik. Askatasunak gidatzen du herritarren artean durundatzen duen mugimendua".

Nire ekintzaren eskaerak erabat legitimoak eta bidezkoak dira. Gure eskaerak ez badituzte betetzen, ehunka lagunek gal dezakete bizia. Hori gertatzen bada XXI. mendean, ez da soilik Turkiaren lotsakizuna izango, gizateria osoarena baizik. Munduak ez dezan halakorik jasan behar izan, munduko emakumeok ahal duguna egin behar dugu. Denborarik galdu gabe. Erresistentzian jarraituko dugu. Erresistentziak lagunduko digu irabazten. Guzti honetan dugun sinesmena mugagabea da. Hona helduta, zuei guztiei dei egiten dizuet: eutsi.

Gora herrien eta emakumeen arteko elkartasuna.

Leyla Güven

* 2018ko azaroaren 8an hasi zen gose greban. 55 urte ditu. Erdoganen alderdiak Afrinen egin zituen operazioak salatzeagatik espetxeratu zuten "erakunde terrorista gidatu eta babestea" egotzita. 31 urteko espetxe zigorra jarri zioten. Urtebetez espetxean izan ostean, gose grebaren 79. egunean askatu egin zuten.