BP, Shell, Chevron, ExxonMobil eta TotalEnergies enpresek 100.000 milioi dolar (90.100 milioi euro) banatuko dituzte euren inbertitzaileen artean, inoizko ordainsari handiena. Ukrainako gerraren ondorioz, 2023 urtean etekinen errekorra gainditu dute burtsan kotizatzen duten petrolio eta gas enpresa erraldoiek.
Munduko bost petrolio enpresa handienen rankinean daude BP, Shell, Chevron, ExxonMobil eta TotalEnergies. Burtsan kotizatzen dute eta euren akziodunen artean 100.000 milioi dolarreko (90.100 milioi euro) aparteko ordainsaria banatuko dute, gutxienez, 2023 urteari dagokionean.
The Guardian egunkariak egin du publiko datua, "erregai fosilen irabaziengatik gero eta haserre handiagoa dagoen testuinguru batean", azaldu du. Izan ere, ordainsari hori emango dute, petrolio konpainiek etekin handiak lortu dituztenean "Ukrainako gerrak merkatuan eragindako gorabeherengatik", dio egunkari britainiarrak.
Finantza adituek aurreikusi dute dibidenduen eta akzioen salerosketen ondorioz seguruenik aurreko urteko ordainsariaren diru-kopurua gainditu eta errekorra hautsiko dutela –oraingoz 2023ko lehen hiru hiruhilekoen datuak baitituzte–. Lorturiko etekinak, ordea, ez dira uste bezain handiak izango, erregaien prezioak behera egin duelako azkenaldian.
Aurrera ihesa
Orduan, zergatik banatuko dute hainbesteko dirutza? Adituek diotenez petrolio konpainiak gero eta errekonpentsa handiagoak ari dira eskaintzen inbertitzaileak sektoretik atera ez daitezen, haien kontrako "kanpo presioa" handitzen ari baita. Besteak beste, aktibistek batzar orokorretan egindako ekintza ikusgarriak edo mundu mailako kanpainak aipatzen ditu The Guardian-ek. Hau da, aurrera ihes bat da.
Egunkari beraren arabera, "zenbait talde ekologistak uste dute ordainsari horiek erabiltzen ari direla inbertitzaileak distraitzeko petrolio-industriaren kontrako erreakzio publikotik eta erregai fosilekin amaitzeko gobernu poliketan behar diren behin betiko aldaketetatik".
Izan ere, ordainsariena ez da, tamalez, erregai fosilei loturiko aurtengo errekor bakarra izan. The Guardian-ek gogorarazi du inoiz erregistratu den urte beroena ere izan dela pasa berri duguna, "klima larrialdiak fenomeno metereologiko muturrekoak eragin baititu". Eta hori herritar guztiok ordaindu beharko dugu.