argia.eus
INPRIMATU
Munduan 62 pertsonak jabetzan 3.600.000.000k adina daukate
Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 18a
Munduko biztanleen erdiaren aberastasuna %41 jaitsi dela 2010etik 2015era, nahiz eta azken bost urteetan 400 milioitan igo den munduko populazioa.

Oxfamen datuen arabera munduko biztanleen erdia –3,6 mila milioi pertsona– baino aberatsagoak dira 62 herritar dirutsuenak.  Oxfamek aurreikusitako joera urte bete lehenago bete da: 2010ean 388 pertsona aberatsenek zuten munduko biztanleen erdiak beste diru, 2014ean 80 ziren eta egun 62.

GKEko arduradunek azaldu dute munduko biztanleen erdiaren aberastasuna %41 jaitsi dela 2010etik 2015era, nahiz eta azken bost urteetan 400 milioitan igo den munduko populazioa. Denbora tarte berean, munduko 62 pertsona aberatsenen ondasunak 500 mila milioi dolarretik 1,73 bilioi dolarrera igo dira.

 “Munduko liderrek” aberatsen eta txiroen arteko desberdintasunaren aurka egin behar dela aldarrikatzen badute ere, Erresuma Batuko Oxfameko buru Mark Goldringek salatu du “ezer gutxi” egin dutela egoerari buelta emateko.

Hiru fronteko erantzuna

Oxfamen ustetan soldaten aldeari aurre egiteko ezinbestekoa da hiru arlotan ekitea: soldata baxuenak igotzea, zerga-saihesteari ateak ixtea eta inbertsio handiagoak egitea zerbitzu publikoetan. Azaldu dutenez, gobernuen lehentasuna izan beharko luke paradisu fiskalak ixtea, horien bidez saihesten baitute aberatsenek zergak ordaintzea. Horrek gobernuak bitarteko gutxiagorekin uzten ditu pobrezia eta desberdintasun sozialei aurre egiteko.

Oxfamek argitaratutako datuen arabera, norbanakoek paradisu fiskaletako kontu korronteetan 7,6 bilioi dolar paratu dituzte. Diru horri zegokion zerga kopurua ordainduko balute, gobernuek 190 mila miloi dolar gehiago izango lituzkete urtero eskura. Azpimarratu dituzten datuen artean, aipatzekoa da Afrikako finantza aberastasunen %30 inguru paradisu fiskaletan dagoela. Ondorioz, 14 mila milioiko galera izan dute aurrekontuetan Afrikako herrialdeek.