argia.eus
INPRIMATU
Munduko Atletismo Federazioak debekatu egingo die emakume transei nazioarteko lehiaketetan parte hartzea
  • Trantsizioa pubertarotik aurrera egin duten emakume transek ezin izango dute emakumezkoen kategorian lehiatu. Testosterona maila altua duten emakumeek ere ezingo dute parte hartu.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 24a
Sebastian Coe Munduko Atletismo Federazioko presidenteak adierazi duenez, \"emakumezkoen kategoria babesteko\" debekatuko diete parte hartzea emakume transei. (Argazkia: EFE agentzia)

Munduko Atletismo Federazioak debekatu egingo die emakume transei emakumezkoen kategorietan parte hartzea, txapelketa internazionaletan. Trantsizioa pubertarotik aurrera egindako emakumeei aplikatuko zaie araua. Ostegunean eman zuen Federazioak martxoaren 31tik aurrera aplikatuko den arauaren berri.

Horrez gain, federazioak jaitsi egingo du lehiaketan onartuko den odoleko testosterona maila. Horrek sexu garapen ezberdina duten pertsonei eragingo die (ingelesez, DSD pertsonak). Litroko 2,5 nanomoletik behera izan beharko dute odoleko testosterona maila, eta neurri horretan mantendu beharko dute, gutxienez, bi urtez. 

Sebastian Coe Munduko Atletismo Federazioko presidenteak adierazi duenez, "emakumezkoen kategoria babesteko" jarri dute araua. Hala ere, auzi horretan ikertzen jarraitzeko asmoa adierazi du: "Ez dugu betiko esango ezetz". Presidenteak onartu du orain arte ez dutela izan datu nahikorik egoeraren gaineko analisi sakon bat egiteko, "ez delako emakumezkoen kategorian lehiatu den emakume transik egon orain arte". 

Igeriketa eta errugbiarekin batera

2021ean, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) kirol bakoitzeko munduko federazioen gain utzi zuen beren arauak jartzeko erabakimena. Igeriketako eta errugbiko federazioek, esaterako, erabaki zuten trantsizioa pubertaroaren ostean egindako pertsona transek ezin izango zutela parte hartu munduko lehiaketetan. Atletismoa ere zerrenda horretara batu da orain.