Datorren azaroaren 8an Ziburuko ikastolaren alde eginen den manifara joanen naiz. Eskatzen badidazue arrazoi sinple eta bakar bat ematea arrapostuko nizueke iruditzen zaidala euskara gehi bat dela. Sinpleki. Diskurtso luze-luzerik egin gabe. Gaur egun bizi garen garaikidetasunean, globalizazioaz eta mundializazioaz zentratzen diren diskurtsoak nonahitik ateratzen dira. Printzipioz ez dut deusik globalizazioaren kontra, baina globalizazioak 20 urtez berreskuratu ditudan nortasuna, hizkuntza eta sustraiak errespetatzen baditu.
Ziburun bizi naiz. Oletako bidean. Eta pattarraren beherean gertatzen denarekin konektatuta nago. Agian egun batez ermita bilakatuko naiz baina ermita bilakatzeko eguna ez zait momentukoz jin. Ene herriko auzapezak, Poulou jaunak, argiki mintzatzeko hautatu ez dudan auzapeza, etortzen diren oporrak pasatu eta gero deliberatu du ikastolako argiak kentzea. Baina kendu nahi dituen argiak Euskal Herriko ikurrak bilakatzen ari dira. Argiak ez baitira bakarrik gailu batzuetatik ateratzen burmuin batzuetatik baizik. Poulou jaunak Ziburuko ikasle gazteei kenarazi nahi dizkien argiak populu baten argiak baitira. Ziburuko ikastolako argien ukazioak gai nazionala bilakatzear dago. Gai internazionala. Gai mundiala. Argien ukazioak globalizazioa galdekatzen baitu.
Nork esanen dit eleaniztuna izatea ez dela gehi bat? Nork esanen dit bizi garen mundu globalizatuan eroso bizitzeko eta sentitzeko ez dela beharrezkoa poli-hizkuntzaduna izatea? Bioaniztasunaren problematika aitzinatzen da. Noiz arte egonen gara blokatuak hizkuntza-aniztasunaren problematikarekin? Nire leihotik pinpirin-pausa pasatzen ikusten dut. Pinpirin-pausak dituen hegoak munduan bizi dugun egoera al dezake? Hizkuntza-aniztasunaren problematika Euskal Herrian eta munduan zehar bizitzen diren biztanleen eskuetan dago. Gaur Ziburun. Bihar Euskal Herritik kanpo. Bat gehi bat gehi bat gehi bat. Gehi baten dohainak gizarte bat margotzearekin zer ikusia du. Zatozte denak Ziburura, kenarazi nahi dizkiguten munduko argiak berpizteko. Dudarik ez dut. Etorriko zarete. Dudan sinesmen bakarra hitzen performatibotasunean kokatzen baita.