argia.eus
INPRIMATU
Wiki Loves Monuments
“Munduko argazki lehiaketarik handiena” Euskal Herrira ekarri dute
  • Wikipedia osatzen laguntzen duten bolondresek antolatutako argazki lehiaketa da "Wiki Loves Monuments". Monumentu eta ondarearen inguruko argazkiak denen eskura jartzeko asmoz sortu zen ekimena. Egun 76 herrialdetan antolatzen da eta aurten, lehen aldiz, Euskal Herrian parte hartzeko aukera izango da.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 01

“Wiki Loves Monuments” argazki lehiaketak Herbereetan du hasiera. 2010ean abiatu zuten herrialde horretako monumentu eta ondarearen inguruko argazki libreak jasotzeko asmoz –Creative Commons lizentziapean sareratu eta konpartitutakoak–. Herritarren ekarpenei esker, 12.500 irudi jarri zituzten denen eskura lehen edizio horretan. Hurrengo bi urteetan ekimenak Europara eta mundu mailara egin zuen salto. Eta egun 76 herrialdetako 1.500.000 monumentutako 1.700.000 argazki jasotzen dituzte, 60.000 pertsonen ekarpenari esker.

Irailero antolatzen da lehiaketa eta aurten, lehen aldiz, Euskal Herrian parte hartzeko aukera izango da, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteari esker. Euskal Herriko ondorearen zerrenda osatu dute eta hor azaltzen den edozein monumenturen argazkiak bidal daitezke lehiaketan parte hartzeko. Jasotakoen artean onenak hautatuko dituzte eta horiek ondoren nazioarte mailako lehiaketan parte hartuko dute.

 

 

Irailaren 30era arteko epea dago lehiaketan parte-hartzeko. Helbide honetan bildu dituzte zehaztasun guztiak: eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:WikiLovesMonuments_2017

Argazkien egileentzat sariak prestatzen hasi dira eta datozen asteetan jakinaraziko dituzte webgunean.

"Edizio lehiaketa" ere antolatu du Euskal Wikilarien Elkarteak, Euskal Herriko ondareari buruzko Euskal Wikipediako artikuluak osatzeko helburuz . Koldo Mitxelena Liburutegiak emandako 10 liburu banatuko dituzte sortu edo hobetutako artikulu onenak saritzeko.