argia.eus
INPRIMATU
Munduko aberatsenen zerrendan Euskal Herriari lotutako hiru izen
  • Forbes aldizkariak zabaldu du 2017ko munduko aberatsenen zerrenda. Euskal Herriarekin zuzenki lotutako hiru izen hauek ageri dira: 693. postuan eta 2,9 mila milioi dolarren jabe Juan-Miguel Villar Mir (OHL enpresa); 973. postuan 2,5 mila milioi dolarren jabe Daniel Francisco Maté Badenes (Suitzan bizi den donostiarra); eta 1.795. postuan 1,1 mila milioi dolarren jabe Jose Maria Aristrain (ArcelorMittalen jabe olaberriarra).

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko irailaren 01

Juan-Miguel Villar Mir: Bizkaiko Labe Garaiak eta OHL

1931n Madrilen jaioa. 1960ko hamarkada amaieran Bizkaiko Labe Garaietako lehendakari izan zen, baita bere taldeko kide ziren Mediterraneoko Labe Garaiena eta Hidronito Españolakoa.

1987an Bizkaiko Labe Garaiek Obrascón eraikuntza enpresa erosi zuten pezeta bakarrean, eta 1999an Obrascón egungo OHL bilakatu zen (Obrascón Huarte Lain). Egun OHLko lehendakaria da.

Villar Mir taldea ere sortu zuen, hainbat sektoretako enpresak biltzen dituena: Villar Mir Energia (energia), Ferroatlántica (altzairu eta metalgintza), Fertiberia (ongarriak) eta OHL eta Pacadar (eraikuntza).

Politika, noblezia, futbola eta ustelkeria: Haziendako ministro izan zen 1975-1976 artean. 1995ean eta 2006an Real Madril futbol taldeko lehendakari izateko aurkeztu zen baina ez zuen bere nahia lortu. 2011ko otsailean Villar Mirko markes izendatu zuen Espainiako Juan Carlos erregeak. Ustelkeriari lotutako Lezo traman ikertua izan da 2017ko maiatzean.

Urtarrilean Saudi Arabiara Espainiako erregearekin joandako enpresen artean zegoen OHL.

Daniel Francisco Maté Badenes: Metalen salerosketa

Donostian jaioa 1963an, egun Suitzan bizi da. Mineralak salerosten dituen Glencore enpresako akziodun nagusietariko bat da. Maték kudeatzen du Glencore-ren zinkaren alorra eta mundu mailan nagusi da, 12 herrialdetan (batez ere Latinoamerikan) dituen 24 mehatze, 7 fundizio eta 6 birfindegiekin.

 

Jose Maria Aristrain de la Cruz: Arcelor-Mittal eta iruzur fiskalik handiena

1963an Olaberrian jaioa. Aitarengandik (Jose Maria Aristrain Noain) herentziatzarra jaso zuen berau 1986an hil zenean: Olaberrian 1955ean eraikitako altzairugintza fundizioa eta Espainiako Estatuan zabaldu zena, Espainiako pertsonarik aberatsena bihurtuz.

Urteekin altzairugintza enpresa handiak elkartzen joan ziren: Espainiako Estatuan Aceralia pribatizatu zuten (Jose Maria Aristrain de la Cruzek %11 zuen); Europan Frantzia, Espainia, Belgika eta Luxenburgoko enpresa handiek Arcelor sortu zuten eta ondoren mundu mailan, Mittalek Arcelor eskuratzean. Arcelor-Mittalen %2a Aristrainena dela uste da.

Tubacex enpresaren %11 erosi zuen 2014an.

Espainiako finka handienetakoa den Valdepuercasen (Cáceresen) jabe da eta arraza garbiko zaldi haztegi bat du, baita zezen haztegi bat ere.

2005-2009 urte artean 210,98 milioi euroko iruzurra egin izana egotzita, epaiketa zain dago egun. Bere egoitza Suitzan zegoenaren itxurak egin zituela eta Luxenburgoko jarduerak ezkutatu zituela uste du fiskaltzak. 15 delitu fiskal egin izanaz salatzen du fiskaltzak eta 64 urteko espetxe zigorra eta 1.400 milioi euroko isuna eskatzen ditu haren kontra. (Irakurri gehiago Castellanako Paperei buruz.)