argia.eus
INPRIMATU
Oxfamen txostena 2023
Munduko aberatsenen %1ak eskuratu du bi urtetako aberastasun guztiaren %63
  • 2019ko abendutik 2021eko abendura munduan sortu den aberastasunaren bi heren %1 aberatsenen esku geratu da, Oxfamek kalkulatu duenez. Muturrerantz ari dira aberastasuna eta pobrezia mende honetan: hamarretik pertsona batek gosea pasatzen du –820 milioik–, eta emakumeak eta haurrak dira horietako %60. Aberatsenei zergak igotzeko eskatu dute.

Leire Artola Arin 2023ko urtarrilaren 16a
Luxuzko yateak milaka milioidunen sinbolo bilakatu dira.

Oxfam International Gobernuz Kanpoko Erakundeak urtero ateratzen duen txostena ezin gordinagoa da, 2023an ere. Davoseko ekonomia foroan munduko agintari nagusiak biltzen direla baliatuz argitaratu du Aberatsenaren legea dokumentua, eta lotura honetan dago kontsultagai, frantsesez eta gazteleraz.

Kapitalismoaren desberdinkeria azeleratzen nola ari den erakusten ari da urtez urte Oxfam. 2014an ARGIAn informatu genuen nola 85 pertsona aberatsenek munduko 3.600 milioi herritarrek adina zeukaten. 2016an, 62 ziren. 2017rako, 43 ziren. 2019an 26 ziren munduko herritarren erdiak adina zutena. Gero pandemia etorri zen, hamar pertsona aberatsenek bikoiztu egin zuten beren fortuna eta 2022rako, hamar pertsona aberatsenek 3.600 milioi txiroenek baino sei aldiz gehiago daukatela nabarmentzen zen. Bi urtetan –2019ko abendutik 2021eko abendura– munduan sortu den aberastasunaren bi heren –%63– %1 aberatsenaren eskuetan geratu dela nabarmendu du 2023ko txostenak.

Gainerako %99ak aberastasun horren erdia eskuratu du. Argi geratzen ari da urtetik urtera aberatsenak aberatsago direla eta pobreak pobreago: “Azken hamarkadan milaka mila milioi dituzten pertsona kopurua eta haien aberastasunak bikoiztu egin dira”, dio txostenak.

Aldi berean, hamarretik pertsona batek, batez beste, gosea pasatzen du –820 milioi pertsonak–. Hor ere emakumeak eta haurrak dira egoera okerrena dutenak: “Etxeetan azkenak izaten dira jaten, eta kantitate txikiagoetan; gosea jasaten duten pertsonen %60 dira emakumeak eta haurrak”.

Milaka milioidunen fortuna egunero 2.700 milioi dolar handitzen da. Batik bat energiaren eta elikagaien sektoreko enpresek lortu dute aberastasun gehien 2022an. 257.000 milioi dolar banatu dituzte enpresatako akziodunen artean.

Zergak handitu aberatsenei

Fortunaren desoreka aldatzeko aberatsenei zergak igotzea proposatu du Oxfamek: “Muturreko aberatsenei presio fiskal handiagoa egitea ez da desparekotasunen krisia konpontzeko modu bakarra, baina funtsezko elementua da”. Gobernuei zuzendu zaie horretarako: “Bada garaia gobernuek utzi dezaten porrotera bideratutako ideologia, elite aberats eta boteredunaren esku hartzea duena. Bada garaia muturreko aberastasuna zergapetu dezaten”, ohartarazi du Oxfameko zuzendari Francos Cortadak.

Aberatsenen %5ari ezarriko balitzaie aberastasunaren gaineko zerga, posible litzake 1,7 bilioi dolar bildu urtean, azterketaren arabera. Horrela, 2.000 pertsona pobreziatik ateratzea ahalbidetuko litzateke, eta gosea baztertzeko munduko plan bat egin ahalko litzateke. Egun, zerga bidez bildutako dolar bakoitzeko soilik 4 zentimo dira aberastasunetik bildutakoak, eta aberatsenen erdia bizi da herrialde batzuetan non ez zaien inongo zergarik ezartzen aberastasuna oinordekotzan jasotzen dutenean.

Hedabideak aberatsenen kontrolpean

Aberatsenek zergak ez ordaintzeko hamaika bide dituzte. Txostenean azaltzen dutenez euren interesak defendatzeko, batetik, zuzenean politikariak presionatzen dituzte dohaintzak eginda eta lobbyak erabilita; bestetik, zeharka, hedabideen jabetza eta kontrolaren bidez.

Herritarrei informazioa iristen zaien medio gehienak milaka milioidunen esku daude. Frantzian, esaterako, hamaika aberatsek dute herrialdeko medio eta agentzia nagusienen jabetza: egunkarien %80 kontrolatzen dute, telebistako kuotaren %57, eta irratiko kuotaren %47. Horren ondorioa da informazioaren kontrola, eta erreforma aurrerakoiak ezartzeko “erronka”, Oxfamen esanetan.

“Izugarri aberats diren pribilegiatuen talde txiki batek boterea eta eragiteko gaitasun handia du eztabaida politikoan”. Adibide zehatza eman dute: “Duela gutxi, Frantziako Julia Cagé ekonomialariak jaso zuen nola Vincent Bolloré aberatsaren jabetzako hedabideek telebistan gero eta denbora luzeagoa eman dieten eskuineko politikak defendatzen dituzten gonbidatuei”.