argia.eus
INPRIMATU
Munduko 76 herrialde txiroenei kanpo-zorra urtebetez atzeratzea onartu dute G20ko estatuek
  • G7ko estatuek munduko 76 herrialde pobreenei kanpo-zorraren ordainketa atzeratzea onartu dute, diru hori koronabirusaren krisian erabili dezaten. Guztira 18.000 milioi euro dira atzeratu direnak. G20ko herrialdeek ere onartu dute atzerapena, eta ordainketa epea gehiago luzatu behar izatea aurreikusten dute.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 17a
Koronabirusa benetako arrisku bilakatu da, batez ere, herrialde txiroenetan. Argazkia: The Conversation.

Apirilaren 14an adostu zuten herrialde txiroenen kanpo-zorra atzeratzea G7a osatzen duten estatuek; AEBak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Kanada eta Japoniak. G20koen onespena handik bi egunera heldu da, zalantza askoren ondoren. Izan ere, G20ko zenbait estatu, Txina eta Saudi Arabia kasu, herrialde txiro horien mailegu emaile handienetakoak dira.

Txina akordio hori onartzearen aurka agertu den herrialdeetako bat izan da, aurretiaz horrelako tratuak egin baditu ere. Baina Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren zein G7ko herrialdeek hartutako erabakiaren presioek erabakia onartzera bultzatu dute estatu asiarra.

Pobreak baino, pobretuak

Afrikako 40 estatuk eta Karibeko eta Asiako zenbaitek osatzen dute kanpo zorra barkatu dieten estatuen zerrenda. Munduaren biztanleriaren laurdena bizi da estatu horietan, eta beraien bi herenak pobrezia egoeran. Horrez gain, koronabirusaren krisiak izatez ekonomia ahulak zirenak are gehiago ahuldu ditu.

Zorra ordaintzeko epe hori, beraz, baliagarria izango zaie herrialde horiei egoera ekonomiko kaxkarrari ahal den neurrian aurre egiteko. Dena den zorraren ordainketa atzeratzea baino barkatzea izan da urte askotako aldarrikapena. Latinoamerikako Geopolitikako Zentro Estrategikoak (CELAG), adibidez, sinadura bilketa abiarazi du, hainbat eragile eta ezkerreko presidente ohiren babesarekin.