argia.eus
INPRIMATU
Munduko 26 pertsona aberatsenek 3.800 milioi txiroenek adina aberastasun dute
IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 22a
Hegoafrikako Durban hirian, golf zelaia dago auzune baten ondoan.

Oxfamen datuen arabera munduko biztanleen erdia –3,8 mila milioi pertsona– baino aberatsagoak dira jada 26 pertsona dirutsuenak.  Aberastasunaren banaketak azken urteetan izan duen proportziorik gabeko joerak gora egin du: 2016an 62 pertsona aberatsenek zuten munduko biztanleen erdiak beste diru, 2017an 43 ziren eta gaur egun 26.

Txostenean adierazitako datu aipagarri batzuk nabarmendu ditugu:

Duela hamar urte krisi ekonomikoa hasi zenetik bikoiztu egin da munduan mila milioi eurotik gora duten aberatsen kopurua. 2017 eta 2018 urteetan zehar esaterako, bi egunetik behin pertsona berri batek mila milioi eurotik gora lortu ditu.

Amazoneko jabea eta munduko pertsona aberatsena den Jeff Bezosen aberastasunaren %1a soilik, Etiopia bezalako 105 milioi biztanleko herrialde batek osasunerako duen aurrekontuaren parekoa da.

Matthew Spencer Oxfameko kanpaina eta politika zuzendariak salatu duenez, “gure ekonomietan aberastasuna gero eta bidegabeago banatzen da pribilegiatu gutxi batzuen artean, milioika pertsonak apenas biziraun dezaketenean”.

Edonork “bizi aukera justuago” bat izateko, munduan nahiko aberastasun dagoela ere ohartarazi du.

Horretarako, gobernuek aberastasunetatik jasotzen dituzten zergak, “pertsona askoren bizitzak salbatuko lituzketen dohaineko eta kalitatezko zerbitzu publikoetan” inbertitu behar direla adierazi du Spencer-ek.