argia.eus
INPRIMATU
Munduko 100 herrialdek hitzartu dute deforestazioa geratzea 2030erako, Bolsonaroren Brasilek barne
  • Klima larrialdiari buruzko nazioarteko goi-bileran akordioa sinatu dute eta 16.000 milioi euro bideratuko dituztela diote basoak babestera eta basoberritzera.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 02a
Jair Bolsonaro agintean dagoenetik, Brasileko Amazoniako deforestazioa nabarmen azkartu da. / Argazkia: El Agora.

Glasgown (Eskozia) elkartu dira munduko herrialde gehienetako ordezkariak, klima larrialdiari aurre egiteko erabakiak hartzeko. Iragarri duten akordiorik garrantzitsuenetakoa da 2030. urterako deforestazioa geldiarazteko asmoa dutela. 100 herrialdek baino gehiagok sinatu dute, tartean deforestazioan aitzindaria den Jair Bolsonaroren Brasilek ere bai. Munduko basoen %85 dute herrialde sinatzaileek. Greenpeacek eta aditu batzuek salatu dutenez, konpromiso hori ez da nahikoa, besteak beste, ez dutelako betearaziko. “(Bolsonaro) eroso sentitu da hitzarmen berria sinatzen, baimentzen diolako beste hamarkada batez basoak suntsitzea, ez baita loteslea”, kritikatu du Greenpeaceko Carolina Pasquali zuzendariak.

Kontuan hartzekoa da sinatzaileen artean daudela orain arte deforestazioan eragin handiena izan duten herrialdeetako batzuk. Indonesia, esaterako, palma olioaren esportatzaile nagusia da. Osagai hori elikagai eta kosmetika produktu askotan dago, eta ekoizteko basoak suntsitu eta herri indigenen lurrak lapurtzen dituzte. Bestalde, Jair Bolsonaro Brasileko presidentea denez geroztik, Amazoniako deforestazioa nabarmen azkartu da.

Erresuma Batuko Ingurumen idazkariak adierazi du sinatzaileen konpromisoa “positiboa” dela: “Horrelako akordio bat lortzen saiatu ginen azken aldian (2014an) Brasilek ez zuen parte hartu, ezta Errusiak eta Txinak ere”. Errusiako basoek zabalera handia dute eta urtero planetako karbonoaren gutxienez 1.500 milioi tona hartzen laguntzen du; oraingoan deforestazioa gelditzeko konpromisoarekin bat egin du.

Inbertsio publikoa eta pribatua

Hitzarmenak duen berezitasuna da dirua bideratuko dutela basoak babestera eta basoberritzera. 2021. eta 2025. urteen artean 10.000 milioi euro jarriko dituzte hamabi herrialdek funts publikoetatik. Gainera, 30 finantza-erakunde pribatuk beste 6.000 milioi euro jarriko dituzte.

Beste hitzarmen bat sinatuko dute 28 herrialdek, basoen gaineko presioa txikitzeko eta nekazari txikiei laguntzeko asmoz. Herrialde horiek ekoiztu eta mundu osoan saltzen dituzte basoentzat kaltegarriak diren produktuen %75, hala nola palma olioa, kakaoa eta soja. Glasgown elkartutako gobernuek erabaki dute herri indigenak babesteko ere erabiliko dutela adostutako diruaren zati bat.