argia.eus
INPRIMATU
Lurra planetan jada pisu handiagoa daukate gizakiek sortutako objektuek izaki bizidunek baino
  • Weizmann Zientzia Institutuak argitaratu berri dutenez, urte honen amaierarako Lurra planetaren lurrazalean orain arte gizakiak sortu eta paratu dituen objektu guztiak batuta pisu handiagoa edukiko dute izaki bizidunen artean pisatzen dutena baino. Bestela esanda, plastiko, adreilu, hormigoi eta beste hainbat produkturen pisu konbinatuak munduko animalia eta landare guztiak gaindituko ditu lehen aldiz. Gizakiek historian zehar gaurdaino pilatu dituzten objektuen gutxi gorabeherako pisua teratona bat edo trilioi bat tonakoa dela kalkulatu dute Weizmanneko zientzialariek. Kopuru ikaragarri hori zerotan azalduta honela agertzen da: 1.000.000.000.000 tona.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 11

Kopuru harrigarri hauek Israelgo Rehovot hiriko Weizmann Zientzia Institutuko talde batek kalkulatu ditu, gure espeziea Lurra eraldatzen ari dela erakusteko. "Esanahi sinbolikoa du, gizateriak munduaren konfigurazioan eta inguratzen gaituen Lurraren egoeran duen zeregin nagusiari buruz zerbait esaten digulako", esan dio BBCri Ron Milo doktoreak, ikerketa zuzendu duenak. Bataz beste munduko pertsona guztien pisua adina materia artifizial berri sortzen ari gara espezie moduan: "Horra arrazoi bat denok hausnarketa egiteko bakoitzak honetan guztian jokatzen dugun paperaz, zenbat kontsumitzen dugun eta mundu biziaren eta gizateriaren arteko oreka lortzen nola saia gaitezkeen".

Zientzialariek kalkulatu dute gizakiek 1900etik gaur arte ekoiztutako gauza guztien masa konbinatua eta alderatu dute Lurra planetako izaki bizidun guztien artean osatzen duten pisuarekin, biomasa deitzen zaionarekin. Plastikozko botiletatik hasi eta eraikin eta errepideetarako erabiltzen ditugun adreilu eta hormigoizetara, kalkuluek diote bataz beste 20 urtero bikoztu egin dela gizakiok ekoiztutako gauza guztien pisua. Aldi berean, izaki bizidunen pisua gutxituz joan da, batez ere basoetan eta naturguneetan landare-bizitza galduz doalako.

Zientzialariek bazekiten noizbait bidegurutze batera iritsiko ginela. Eta kalkuluen arabera, 2020an gizakiek sortutako masak, hala nola errepide, eraikin eta makinek osatuak, munduko izaki bizidun guztiena gaindituko du ziurrenik. Eta gizadiak orain arte daraman bideari jarraitzen badio, 2040rako oraingo masa artifiziala bikoiztu ez baina hirukoiztu eginen da, esan nahi baita trilioi bat tona (edo teratona bat) izatetik hiru trilioi tona pisatzera pasako dela.

Kalkuluek diote, era berean, gizadia gaur egun urtean 30 gigatonelada baino gehiagoko masa artifiziala ari dela sortzen (30.000.000.000 tona urtean). Geologiaren ikuspegitik Antropozeno izeneko aro berri batean sartututa gaudela dioen froga bat gehiago da, hau da, Lurrean gizateria eragiten ari den inpaktuak ondorengo milioika urteetako sedimentuetan eta harrietan ikusgai izango direlar. Aro honen hasiera formalaren data 1950eko hamarkadan kokatu izan dute adituek, Azelerazio Handia  delakoan bizkortu baitziren giza populazioa eta honen kontsumo ereduak, aluminio, hormigoia edo plastikoa bezalako material berrien ugaritze izugarriarekin.