argia.eus
INPRIMATU
Munduaren akabera
  • Ikusiak ditut dagoeneko, ortzemugarantz begiratu eta guganantz abiatzen Apokalipsiaren lau zaldunak. Lehena zaldi zuri baten gainean dator mundua konkistatzera su eta gar; bigarrena, zaldi gorrizta baten gainean, gerra zabaltzera dator; zaldi beltzaren gainean datorrenak, ostera, gosetea, txirotasuna eta miseria barreiatuko du gure planetan; eta zaldi horiaren gainean herio dager, sega luzea eskuan. Ez dakigunik edo ezagutzen ez dugunik bai? Mundua mundu denetik edota gizakia gizaki denetik ari dira zaldun horiek gure artean, Biblia-k itxura antropomorfikoa eman aurretik ere.

Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2020ko martxoaren 25a

Heriotza naturalean (?) pentsatzen dabiltzan horiek, bat-batean, beren onetik kanpo bukatuko dute, heriotza imminentearen aurrean. Lasai egoteko eskatzen digute agintariek (politikariek eta lurperatzaileek). Beste batzuek, ordea, neurriak hartzeko (medikuek eta histeria kolektiboan atsegin hartzen duten psikotikoek). Epidemia pandemia bilakatzeko arriskua ikusten omen dute aditu guztiek. Baina pandemiak bizitoki du gurean betidanik, mundu zabaleko zoko-moko orotan hedatuta, eta ez diogu erantzun histerikorik eman: gripea, HIES, beldurra, kolesterola, tentsioa, Ebola, minbizia, behi eroak, oilalokak…

Teoria bat dago mahai gainean. Lur planetan populazio gehiegi bizi da. Soberakin da jende asko, planetak eztanda egingo ez badu. Ez dago egun ziorik mundu osoko gerra konbentzionala egiteko. Bada, sor dezagun laborategi gubernamental batean birus kaos-zale bat, hirurogei urtetik gorako lagunak baino hilko ez dituena. Pertsona ahulenak, herio hurkoago dutena bizi baino. Modu horretan, populazio mundialaren hazkundea eten egingo da, eta zelanbaiteko giza-oreka izango du lur planetak denbora ertainean. Izua, psikosia eta histerismoa globalizatu dira dagoeneko. Eta suizidio kolektiboak ikusiko ditugu nonahi, Azken Epaiketaren Eguna jada berton dugula argudiatuta. Norvegia eta Ipar Poloaren artean dagoen bunker menderaezin batean (Azken Epaiketaren Eguna du izen), badaezpada, mundu zabaleko haziak ari dira biltegiratzen, etor litekeen kataklismoaren ostean izango den basamortuari aurre egin ahal izateko.

Ez, ez da bromatarako auzia, jakina. Miseria, gosetea, gerra eta heriotza eguneroko ogia dira planeta honetan, hauek dira benetako pandemiak. Baina Edena ere arriskuan dago egun, beti egon da, eztul madarikatu batek eraman gaitzake eta zakutik hartzen, doministiku egin  orduko.