argia.eus
INPRIMATU
Klima aldaketaren munduko 100 arduradun nagusien artean, Josu Jon Imaz euskalduna
  • Jordan Engel mapagileak klima aldaketaren erantzukizunik handiena duten 100 enpresa eta hauen arduradun nagusiak mapa batean kokatu ditu. Bertan da Josu Jon Imaz euskalduna, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari ohia, egungo Repsoleko presidentea.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2019ko maiatzaren 07a
Mapa hau egin du Jordan Engelek. Eskuin botoiarekin klik egin eta "irudia ikusi" sakatuz gero, handiago ikus daiteke.

Decolonial Maps proiektuaren bultzatzaile nagusiak, klima aldaketaren eragile nagusiak mapa batean kokatu nahi izan ditu izen-abizenekin. “Lurra ez da hiltzen ari, hiltzen ari dira, eta hiltzen ari diren horiek izenak eta helbideak dituzte". Utah Phillipsen aipu horrekin hasten du artikulua.

"100 enpresa munduko berotegi gasen %70 baino gehiagoren arduradun dira, 1988tik. Konpainia hauek gidatzen dituzten tipoak (sic) –gehienak tipoak dira– aberastu egin dira munduko bizitzari literalki bizkar emanez. Beren negozio ereduaren oinarria da gizakiak sekula ezagutu duen etxe bakarraren suntsipena. Bitartean, gure haserrea gaizki bideratzen dugu gure auzokide, lagun eta senideen aurka, plastikoa erabiltzeagatik edo ez birziklatzeagatik. Norbaitek merezi badu 7.500 milioi lagunen haserrea, mapako 100 pertsona horiek dira. Denak batuta, munduko mineral gehienen eskubideak kontrolatzen dituzte –oraindik lurpetik atera gabeko petroleo, gas eta ikatza esplotatzeko "eskudidea"–. Jakin behar dute ez ditugula bakean utziko erabakitzen duten arte Lurrean Utziko Dituztela [azken urteetako desobedientzia ekimen ekologistek usu darabilten Keep It In The Grownd leloa erabitzen du ingelesez]. Ez soilik beren konpainiek, baizik eta beraiek. Gauza pertsonala bilatu da dagoeneko".

Kartograma honek herrialdeak ordezkatzen ditu, eta herrialdeen tamaina industrializazioaz geroztik jaurtitako karbono dioxido emisioen araberakoa da. Azpian ikus daiteke, adibidez, Europako partea handituta.

Europako zatia, handituta.

"Gure ohiturak aldatuz eta produktu berde gehiago erosiz klima aldaketa gera dezakegula dioen mitoari erantzun bat da mapa hau. Guk gure hondakinak bereizi ala ez, korporazio hauek planeta izorratzen jarraituko dute, guk geratzen ez ditugun bitartean. Konpainia hauetan erabaki nagusiak hartzen dituztenek anonimotasun erlatiboaren pribilegioa daukate, eta mapa honekin hori apurtu nahi dugu eta beraiei oihu egin. Tipo hauek sentitu behar dute planeta salbatzeko ardura, guk denok sentitzen dugun bezala".