Ohartarazpen oso larria zabaldu du Nazio Batuen Erakundeak: mundua dago "gosete bibliko" bat jasateko zorian, David Beasley Munduko Elikagai Programaren buruak erabilitako hitzetan. Datozen hilabeteetan gaur gosete handia nozitzen duten135 milioi pertsonak 250 milioitik gora izan daiteke.
Elikagai Krisien Urteko Txostena aurkeztean, Nazio Batuek hamar herrialde izendatu dituzte hondamendiak gogorren astindutakoen artean: Yemen, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Afganistan, Venezuela, Etiopia, Hego Sudan, Sudan, Siria, Nigeria eta Haiti. Kasu bat nabarmenduz, Hego Sudanen populazioaren %61 goseak bizi zen joan den urtean.
Munduko Elikagai Programaren buru David Beasleyk hasi zuen urteko informearen aurkezpena hitzokin: "Barkatu beharko didazue oso gordin mintzatzen banaiz. Baina ezin naiz gordinegi aritu esaten badut munduak aurrean daukala II. Mundu Gerraz geroztik ikusi dugun krisi humanitariorik larriena". Izan ere, iaztik milioika jenderen bizia baldin bazegoen "hari batetik zintzilik", Afrika ekialdeko eta Asia hegoaldeko leku askotan urte luzeetako lehorte eta oti izurriek eragindako krisiengatik, datozen hilabeteetan "gosete biblikoak" [famines of biblical proportions, esan zuen hitzez hitz] gerta daitezke Covid-19aren pandemiak sortutako egoerak.
Itxaropen izpi bat utzi nahi izan zuen Beasleyk bere oharrean: "Sinetsita nago gure esperientziarekin eta elkarlanarekin denon artean antolatu ditzakegula behar diren ekipo eta programak Covid-19 pandemiak ez dadin bihurtu katastrofe bat elikadura krisizkoa eta humanitarioa".