argia.eus
INPRIMATU
Munduan dagoenekoz 8 milioi baino gehiago dira COVID-19z ofizialki kutsatutako jendeak
  • Munduak astelehenean, ekainak 15, gainditu du COVID-19z kutsatutako 8 milioi pertsonen marra, Worldometers zerbitzuak bazkalondoan (15:03 GMT) jakinarazi duenez. Kopuru horren justu erdia sendatutzat jo dute agintariek eta hildakoak 436.000 dira.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 15
Nigerian haur eta gaztetxoak koronabirusaz ohartarazteko komikia. (Irudiak: Guereza Anime)

Urte berriarekin batera Txinatik zabaltzen hasi zen koronabirus berriak dagoeneko mundu osoan zortzi milioi jende baino gehiago kutsatu ditu. Horiek dira ofizialki onartutako kopuruak, esan nahi baita, COVID-19a hautemateko testa eginda positibo eman dutenak. Errealitatean kopuruak askoz handiagoa izan behar du, baina jakina da mundu osoko osasun zerbitzuei ezinezkoa suertatu zaiela Osasunaren Mundu Erakundeak eskatu bezala susmagarri guztiak eta kutsatuekin harremanetan egon direnak oro testeatzea.

Uneotan munduan koronabirusez kutsatu gehien AEBetan daude, 2,16 milioi. Bigarren postuan Brasil dator 0,86 milioirekin, Errusiak 0,53 milioi dauzka Indiak 0,33 milioi. Kontinenteka harturik, Europak dauzka 2,21 milioi kutsatu, Ipar Amerikak 2,48 milioi, Hego Amerikak 1,42 milioi, Asiak 1,64 milioi, Afrikak 0,24 milioi eta gutxiena Ozeaniak, 9.000 doi-doi.

Ehun milaz goiti dabiltza kutsatu berrien kopuruak azken asteotan munduan, igandean 123.870 gehiago kontabilizatu ziren eta larunbatean 133.716 gehiago.

Osasunaren Mundu Erakundea asteotan kezkatuen Afrikako egoerarekin dago, azken hogei egunetan bi halakotu egin baita kasu berretsien kopurua. Afrikan uneotan Nigeria da erasoa gogorren nozitzen ari den herrialdea.