argia.eus
INPRIMATU
93 kazetari hil zituzten 2016an munduan
  • Hildako kazetari kopurua handiagoa izan daitekeela azaldu du Kazetarien Nazioarteko Federazioak, baina herrialde batzuek “datuak zentsuratu” egiten dituztela, eta "informazio falta handia" dagoela.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 03a
Kazetaritzako ikasleak kazetarien aurkako bortizkeria salatzen, Manila (Arg: Asian Correspondent)

Kazetarien Nazioarteko Federazioak (KNF) argitaratu egin du kazetarien kontrako bortizkeriaren 2016ko txostena. Azaldu dutenez, lanean ari ziren 93 kazetari hil dituzte 2016an, eta beste 29 lan istripu eta hondamendi naturaletan zendu dira. 140 herrialde eta 600.000 kide daude federazio horretan ordezkatuta.

2015ean 112 erailketa izan ziren, 2016an baino hemeretzi gehiago. Iraken (15 kazetari), Afganistanen (13) eta Mexikon (11) izan dira hilketa gehien. Horrez gain, 29 kazetari ere hil dira lan istripuetan.

KNFek argitaratutako datuen arabera, Ekialde Hurbilean eta “Arabiar Munduan” 30 hilketa izan dira guztira, Asia ekialdean 28, Latinoamerikan 24, Afrikan zortzi eta Europan hiru. Horrez gain, hogei kirol kazetari hil ziren Medellinen (Kolonbia) izandako hegazkin istripuan.

Philippe Leruth FIPeko presidenteak adierazi duenez, “krimen horiek ez dira zigorrik gabe geldituko”, eta “Kazetarien Nazioarteko Federazioak eta afiliatuek esfortzuak biderkatuko dituzte kazetarien aurkako indarkeriarekin amaitzeko”.  

“Informazio falta handia”

Beste hainbat kazetari desagertuta daudela ere azaldu du federazioak, baina ez dago informazio nahikorik hilda daudela baieztatzeko. Horren harira, Anthony Bellanger KNFeko Idazkari Nagusiak adierazi du hildako kazetari kopurua handiagoa izan daitekeela, baina herrialde batzuek “datuak zentsuratu” egiten dituztela, eta hortaz, “informazio falta handia” dagoela. Haren iritziz, “premiazkoa da gobernuek indarkeria mota guztiak ikertzea, erailketak eta bortxazko desagertzeak barne, kazetarien independentzia profesionala eta osotasun fisikoa babesteko”.