Turkiaren menpeko Kurdistango Hasankeyf antzinako herria urperatuko du Turkiako Gobernuak proiektu hidroelektriko bat aurrera ateratzeko. Tigris ibaiaren altzoan, Mesopotamiaren bihotzean, milaka pertsona beren etxeetatik bota eta kurduen ondare arkeologiko baliotsua urpean geratuko dela salatzeko kanpaina abiatu zuten. Bestere artean, BBVA bankua proiektuan sartuta dagoela salatu dute.
Hasankeyf herrialdearen aldeko plataformak mundu osoan zehar elkartasun keinuak jaso ditu. Txile, Italia, Irak, Alemania, Katalunia, Euskal Herria… Denek adierazi dute kurduekiko elkartasuna; izan ere, leku arkeologikoki aberats batekin suntsitzeaz gain, proiektuak Turkiako Kurdistanen eta Irakeko hainbat eskualdetan ondorioak izango ditu.
Hasankeyf antzinako herriaz gain, beste hainbat herrixka urperatu nahi dituzte presa hidroelektriko hau dela eta. Kalkulu ezberdinen arabera, 40.000-78.000 artekoa izango da Ilisuko Presak lekualdatzera derrigortuko dituen pertsonen kopurua.
Ilisuko Presaren proiektua Ipar Kurdistango Batman probintzian dago kokatuta. Hau, aldi berean, Tigris ibaiaren iturburua da, eta eragin larria izango du presak ibaiaren ibilbide guztian. Irak etengabeko basamortutze-arriskuan dagoen herrialdea da, eta Tigris ibaia bere biziraupenerako giltzarria da, bai biztanleria zein ekosistemari dagokionez. Presak, adibidez, hegoaldean mila kilometrora dauden zingirak asko erasango ditu.
BBVA tartean
BBVA Garanti banku turkiarraren erdiaren jabe da, Turkiako hirugarren banku nagusia dena. Proiektua Garanti eta Akbank banketxeek finantzatzen dute, erdibana. Hau dela eta, BBVAk proiektuaren laurdena finantzatzen du. Honek haserre handia eragin du Espainiar Estatuko eta Euskal Herriko talde ekologista eta internazionalistetan, eta banketxearen aukako eraso eta protestei ekin diete.
Kontserbazio Naturalerako Eremua
Hasankeyf Kontserbazio Naturalerako Eremu izendatu zuen Turkiak 1981ean, baina ez dira babes hori errespetatzen ari. Hau dela eta, bertako ekintzaile batzuek eremua UNESCOk gizateriaren ondare izendatzeko tramiteei ekin diete; haien esanetan, Hasankeyf eta inguruko Tigris Bailarak gizateriaren ondare izendatzeko hamar baldintzetatik bederatzi betetzen ditu.