argia.eus
INPRIMATU
G7 EZ
“Mundu osoari eta nola ez, euskal herritarrei, G7aren aurka mobilizatzeko deia egiten diogu”
  • G7 EZ plataformak kontragailurrari buruzko azken zehaztapen tekniko eta logistikoak eman ditu. Halaber, aldarrikapenak mahai gainean jarri eta “bizitzari, etorkizunari eta demokraziari” baietz esatera deitu du G7aren aurka dagoen edonor.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 20a
Azken xehetasunak argitzeko prentsaurrekoa. Argazkia: G7 EZ @G7ezplataforma

G7ari eta bere munduari alternatibak daudela erakutsi nahi du G7 EZ plataformak. Honez gain, Euskal Herrian, Frantzian eta munduan dauden mugimendu sozial anitzen erakusleihoa izango dela esan dute: “Alternatibak daude, eta eraikitzen ari gara”, azpimarratu dute.

Prentsaurrekoan kontragailurraren azken xehetasun tekniko eta logistikoak eman dituzte, bertaratzea asmoa duen edonork kontuan izan ditzan. Akanpalekua jada prest dagoela baieztatu dute: “Oinarrizko behar guztiak asetzeko azpiegitura dago: zerbitzu medikua, garraioa eta bizi beharrak”, diote.

Hego Euskal Herriko eta Espainiako lagunei topoz (Euskotren) hurbiltzeko gomendatu diete, eta Iparraldetik datozenei, bestalde, trenez gerturatzeko gomendioa luzatu diete.

Kontragailurrak lau gune nagusi izango dituela gogorarazi dute: Ficoba, Hendaiako zinema, Hendaiako eskola eta Kanetako portua. Nabetta sistema bat ezarriko dute egunero kanpalekutik Ficobara joateko: 08:30etatik 10:30era eta 19:00etatik 21:00etara.

Astelehenean 40 itzultzaile eta interpretatzaileren beharra zutela zabaldu zuten sareetatik, eta berehala lortu dute behar hori asetzea.