Drogen gehiegikeria eta legez kanpoko trafikoaren kontrako nazioarteko eguna da ekainaren 26a NBEren egutegian. Support Don’t Punish (Lagundu, ez zigortu) mugimenduak protestara deitu du 46 herrialdetako 100 hiritan, “zentzugabezkoak eta kaltegarriak” diren drogaren aurkako politiken kontra.
Alternet webgunean mugimendu berriari buruzko artikulua idatzi dute. Antolatzaileek uste dute onura baino, kaltea eragin duela gobernuen “drogen kontrako gerra”-k. Kriminalizazioak, inbertitutako diru kopuru handiek eta errepresio politikek ez dute helbururik lortu. Are gehiago, biolentzia, kontsumoa eta trafikoaren igoera eragin dute azken urteetan, artikuluaren egile Owen Poindexterrek dioenez.
“Gerra” horren porrotak Support Don’t Punish kanpainaren sorrera eragin du. Mugimendu honen xedea gobernuen legediak erreformatzea da, eta droga kontsumitzaileei buruz jendeak duen irudia aldatzeko lan egiten dute. Kriminal gisa baino, laguntza behar duten pertsona bezala ikus ditzatela nahi dute.
Protestak eta ekintzak antolatu dituzte aste osoan 46 herrialdetan: Frantzia eta Australian, adibidez, droga kontsumitzeko eta laguntza soziala jasotzeko leku seguru eta garbiak sustatzeko kanpaina egiten ari dira. Kieven, Tbilisin, Oslon, Mexiko Hirian, Jakartan edota Bangkoken ere deialdiak daude.
Gobernuek indarrean dauzkaten drogen kontrako politikak euren onurarako baino ez dituztela erabiltzen salatu dute Support Don’t Punishetik. Juan Manuel Torres zientzia politikoen irakaslearen hitzekin amaitu dute artikulua Alterneten: “Aireportuan konfiskatutako kokaina tona batek gobernuaren boterea politikoki indartu dezake, baina droga trafikoaren arazoa ez du konponduko”.
Mugimenduari buruz informatzeko bideoa zabaldu du Support Don’t Punishek