argia.eus
INPRIMATU
Mundu mailako lau estreinaldi Zinemaldiak Euskal Herriko ekoizpenei eskainitako sailean
  • Lau estreinaldik eta aurten ekoiztutako beste lau lanek osatuko dute menua aurten, Donostiako Zinemaldiak euskal ekoizpenei eskaintzen dien Zinemira sailean.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko abuztuaren 25
Lara Izagirreren estreinako film luzea izango da Zinemiran proiektatuko den 'Un otoƱo sin Berlin'.

Josu Martinezek zuzendutako Gure Sor Lekuaren bila, Lara Izagirreren Un otoño sin Berlin, Gorka Bilbao Ramosen Jai alai blues eta Pablo Ibarburu Allegue-Migueltxo Molina Ayestaran tandemak zuzendu duen Walls (Harresiak) dira aurten sail honek eskainiko dituen mundu mailako estreinaldiak.

Horiekin batera, Olivier Masset-Depasseren Sanctuaire, Sam Orti Marti animazio-zuzendariaren Pos eso izeneko lehen lan luzea, Carlos Rodriguezek Donostiako Jazzaldiaren 50 urteko historia kontatzen duen #Jazzaldia50 eta District zero, Jorge Fernandez Mayoral, Pablo Tosco eta Pablo Irabururen filma dira Zinemirako aurtengo eskaintzak.

Galdutako arrastoen bila

Bilaketa baten historia da Josu Martinezek Gure Sor Lekuaren bilan kontatu duena: 1950eko hamarkadan Euskal Herriari buruz egindako euskarazko dokumentalaren xerka emandako urratsen kontakizuna.

Sorlekua du helburu Lara Izagirreren filmeko protagonistak ere, atzerrian bizi ostean jaioterrira nola itzuliko den kontatzen baitu Un otoño sin Berlinek; kasu honetan itzulera mingarria da, familia, maitalea eta protagonista bera ere aldatu egin direlako kanpoan pasatako denboran.

Beste mota bateko bidaiak dira Walls (Harresiak) filmaren ardatza, mundua geroz eta gehiago zatitzen duten hesien inguruan osaturiko lana baita etahorien alde batean eta bestean dauden gizakiez hitz egiten du.

Jai alai bluesek berriz, titulutik igarri daitekeen moduan, Jai Alaiaren historia kontatuko du, mundu horretan aritutako pertsona ospetsuenen bidez.

Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian

Lau estreinaldi horiek lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko, baita gutxienez %20an Euskal Herrian ekoiztutako gainontzeko sailetako filmak ere, baldin eta Zinemaldian estreinatu baldin badira –Sail Ofizialean izango da Asier Altunaren Amama, adibidez, eta sari hau jaso ahal izateko baldintzak beteko lituzke–. 20.000 euroko ordaina izango dute irabazten duten pelikularen ekoizleek.

Bestalde, Zinemira sailean film laburrak ikusteko modua ere izango da, Kimuak 2015 programako filmen aukeraketarekin. David Gonzalez, Tucker Davila, Mikel Gurrea, Aitor Oñederra, George Todria, Iñigo Salaberria eta Lander Camareroren lanak proiektatuko dituzte atal horretan.